telebista
22:30ean
Korta eta Manuren eztabaida, eta Olgaren agurra, 'El Conquis 2013'n
Olgak, lesionatuta, saioa utzi behar izana eta Jose Luis Korta eta Manu Maritxalarren arteko eztabaida izango dira gaur, 22:30ean, 'El Conquis 2013' eztabaida saioan landuko dituzten gaietako bi.
-
Korta eta Manuren eztabaida eta Olgaren agurra, 'El Conquis 2013'n
"El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren bosgarren ataleko hainbat gai aztertuko dute gaur, 22:30ean, ETB-2ko eztabaida saioan. Batetik, Patxi Alonsok Olga erizain laudioarra hartuko du platoan, igandean abentura min hartuta utzi behar izan zuen lehiakidea. Immunitate proban izandako erorikoaren ondorioz, etxera bueltatzeko erabakia hartu behar izan zuen Olgak. Bere taldea, Kortaren Guanacos taldea, hain zuzen ere, hurrengo dueluan beste kide bat galtzeko arriskuan dago, eta badirudi zorte txarra Manu Maritxalarren Piches taldetik talde berdearen kanpamentura aldatu dela. Eta boxeolari ohia pozik dago; izan ere bere aurkari handienak "benetako Korta" atera du dagoeneko, eta baliteke horrek desoreka eragitea Guanacos taldean. Kortaren umore txarak kalte egingo al die taldekideei? Gai horren inguruan hitz egiteko, Goku lehiakide nafarraren familia saioan izango da. Kortaren konfidantzazko gizona asko nabarmentzen ari da bere taldean.
Gainera, Manu Maritxalarrek eta Kortak izandako liskarra jorratuko dute saioan: Nork du arrazoia? "El Conquis 2013" eztabaida saioan "El Conquistador del Fin del Mundo"ren hurrengo ataleko aurrerapen gehiago eskainiko dituzte, bai Manu eta Kortaren arteko borrokaren ingurukoak, baita beste gai batzuen ingurukoak ere. Izan ere, orain arte abenturan lasai bazegoen ere, Juanito Oiarzabal eztabaida gogor batean nahasiko da, sexistatzat hartuko baitute. Lortuko al du Condores taldeko kapitainak bere kanpamentuaren ordena mantentzea?
Immunitate proba gorabeheratsua eta kapitainen joko polemikoa aztertuko dituzte saioko solaskideek. Michel joan den astean kaleratutako uruguaitarra aste honetako solasaldian ere izango da, eta Manuk kapitainen jokoan lortutako garaipenaz aritzeko aukera izango du. Berarekin batera, Mikel Goñi, David Seco, Isa Landa, Julen Madina eta Esti Pinedo izango dira.
Zer gertatuko da igandean Guanacos taldearen bileran? Juanitoren taldetik nor aukeratuko du Blancak duelura joateko? Zein ondorio ekarriko dituzte istilu berriek? Asteazken gauean, galdera guztien erantzuna bilatuko dute "El Conquis 2013" eztabaida saioan.
"El Conquis 2013" asteazkenetan emititzen dute, 22:30ean, "Teleberri"ren ostean, Euskal Telebistaren bigarren katean.