telebista
Oihana Jauregik aurkeztuta
Mendiko istripuak gutxitzeko sistemaz, aste honetako 'Teknopolis'en
A.H.
EITB
Gainera, errepideetako elurra kentzeko makinen erabilpena eta Curling neguko kirola hartuko ditu hizpide saioak. Gaur izango dugu ikusgai ETB-1en, eta asteazkenean, ebrriz, ETB-2n.
Aste honetako 'Teknopolis' saioak mendiko istripuak gutxitzeko sistema berria ezagutuko du, neguan istripu kopurua nabarmeneki handitzen baita. Elurrak, izotzak eta tenperatura baxuek ez dituzte mendizaleak ikaratzen. Askorentzat mendigainak erakargarriagoak dira zuri ageri direnean eta erronka ere bihurtzen dira, nahiz eta igotzea ohi baino arriskutsuagoa izan. Duela gutxi arriskuak kudeatzeko sistema bat jarri dute martxan Anetorako ibilbidean. Safe Mountain da sistemaren izena, eta Geko Navsat enpresak eta Tecnaliak garatu dute.
Eta neguan errepidetan hamaika arazo izanen dira. Dominic Font geologo kataluniarra Nafarroako Gobernuak kontratatzen du urtero, NA-137 errepidean elur-jausi arriskua zenbatekoa den jakiteko. Belagoa inguruan ibiltzen da, Lakora tontorraren magalean. Elurra kentzeko makinek arriskurik gabe bidea zabal dezaketen edo ez erabakitzea da bere zeregina. Horretarako ez da puntako teknologiarik behar: elurra azken malutaraino ezagutzea da gakoa, eta haren lanaz arituko da aste honetako 'Teknopolis'en.
Gure artean ezezaguna da curling-a, baina neguko kirol honek ikaragarrizko arrakasta du herrialde hotzetan. Izan ere, ariketa fisikoa egiteko aitzakia bat baino gehiago da: burua erabili behar da, adimen espaziala landu eta estrategia erabaki. Curling-a ezagutzeko aukera izan du Nagore Rementeria lankideak Mikel Unanueren laguntzarekin.
'Teknopolis' gaur 00:00etan izango dugu ikusgai ETB-1en eta asteazkenean 00:30ak aldera ETB-2n.