Itxi

telebista

Estreinaldia

'ETB Hoy' aktualitate saio berria ETB-2ko goizetan

Elkarrizketak, informazioa eta eztabaida izango ditu osagai eta Adela Gonzalezek, Vanessa Sanchezek eta Olaia Urtiagak gidatuko dute.

  • Vanessa Sanchez, Olaia Urtiaga eta Adela Gonzalez | Euskadi Hoy

    Vanessa Sanchez, Olaia Urtiaga eta Adela Gonzalez

'ETB Hoy' saioa estreinatuko du gaur ETB-2k. Goizeko 11:15ean abiatuko da saioa eta 14:15eak aldera amaituko da,  'Robin Food' saioaren aurretik. Adela Gonzalezek, Vanessa Sanchezek eta Olaia Urtiagak gidatuko dute eguneroko tarte hau. Elkarrizketak, berrien errepasoa eta debatea izango ditu ardatz.

Hasteko 'ETB Hoy' eguneko berrien errepasoarekin dator Olaia Urtiagak aurkeztuta. ETB-1eko 'Egun On Euskadi' saioko lanarekin bateratuko du ahalegin hau Urtiagak. A

Vanessa Sanchezen elkarrizketa emango da ondoren. Kulturaren esparruan eta gizarte gaietan zer esana duten artista eta adituei egingo die elkarrizketa albistegietan eskarmentu zabala duen kazetariak. Hasteko, astelehenean Gregorio Díaz Ereño Oteiza Museoko zuzendariarekin elkarrizketa lotu du artista handia hil zeneko 10. urtemuga  honetan. Kulturaren haritik, lotuta dute baita ere We Are Standard taldekoekin hitzordua disko berria aurkezteko.

Arreta pizten duten beste gai batzuk ere jorratuko dituzte saioan, esaterako, sakeleko telefonoa erabiltzeko gehiegizko zaletasuna edo zakarrontzira soberan botatzen ditugun elikagaiak murrizteko proposamenak. Horrez gainera, protesta modu berriei buruz ere egingo dute solasaldi bat. Beste gai batzuren artean, crowdfunding-az ere hitz egiteko asmoa  badu.

Elkarrizketa horren ondoren, Olaia Urtiaga izango da berriro 'ETB Hoy'n eta, egun-eguneko gaiei eutsiz, bigarren elkarrizketaren tartea izango da. Asteleheneko saioan Idoia Mendia PSE-EEko  ejekutibaren bozeramailea elkarrizketatuko du Urtiagak.

Adela Gonzalezekin eztabaida

Saioaren azken zatia Adela Gonzalezek Miramondik egunero gidatuko duen eztabaida izango da. Aurreko denboraldian 'Consumidores' saioa Carlos Soberarekin aurkezten ikusi genuen aurkezleak Miramongo estudioetatik eguerdiko eztabaida aurkeztuko du. Gizartean isla duten denetariko ikuspegiak ordezkatuko dituzten solaskideak; kalean diren gai garrantzitsuenak jorratuko dituzte,  beti ere egun-egunekoari begira. Horrez gain erreportaje, zuzeneko konexio eta 13:30ean Africa Baetak 'Teleberri' albistegiaren aurrerapena tartekatuko dituzte. Eztabaida 'Robin Food' sukalde saiora arte eskainiko da. Asteleheneko eztabaidan, Javier Vizcaino, Olatz Barriuso, Iñaki Soto eta Josean Izarra kazetariek parte hartuko dute.