telebista
Elias Querejetaren omenez
'27 ordu', gaur gauean, ETB1-en
'Goenkale'ren ostean, Montxo Armendarizek zuzendu eta Elias Querejetak ekoitzi zuen film ezaguna izango dugu ikusgai.
27 ordu filma izango dugu ikusgai gaur gauean ETB1-en. Atzo zendu zen Elias Querejeta zinema-ekoizlea omentzeko asmoz, Euskal Telebistak Montxo Armendarizen pelikula ezaguna eskainiko du ''Goenkale''ren ostean, gaueko 23:00ak aldera.
27 ordu 1986. urteko lana da. Martxelo Rubio, Antonio Banderas eta Maribel Verdú dira protagonistak, eta Donostia du agertoki nagusi. Jon (Martxelo Rubio) Gipuzkoako hiriburuan bizi da. Pelikulak haren bizitzako 27 ordu kontatzen du: egun bateko goizeko zazpietatik biharamuneko goizeko hamarrak arte. 80ko hamarkadaren kronika beltzenaren ispilu da istorioa, heroinarekiko mendekotasuna eta desesperazioa baititu ardatz.