telebista
9. edizioaren irabazlea
Oskarrek irabazi du 'El Conquistador del Fin del Mundo'
A.A.
EITB
Zubielkikoak sekulako indarra duela erakutsi zuen azken proban, 'Conquistador del Fin del Mundo'n inoiz egin duten probarik zailenean.
-
Oskar, Conquisen 9. edizioko garailea
Oskar Sanz Iriberrik irabazi du "El Conquistador del Fin del Mundo" lehiaketaren bederatzigarren edizioa. Zubielkiko baserritarrak sekulako indar fisikoa daukala erakutsi du azken proba honetan. Lehendabiziko postuan jarri da hasieratik edizio honetako azken proban, orain arte inoiz antolatu duten norgehiagokarik zailenean.
Bederatzigarren edizioko finala orain arteko guztietan zailena eta gogorrena izan da. Proba egiteko aukeratutako lekua iazkoa izan da: Iguazuko ur-jauziak, munduko lekurik ederrenetako bat; pribilegio bat, bost finalistentzat.
Baina probak berak esfortzu handia egitea eskatu die. Lehendabizi igerian hainbat metro egin behar izan dituzte kayak batzuetara iritsi arte. Puntu honetan Joxe finaletik kanpora gelditu da; izan ere, azkena izan da kayaketara iristen eta lau bakarrik zeuden bost finalistentzat.
Bigarren kanporatua Karen izan da. Hainbat denboraz arraunean aritu da eta banderekin markatutako zirkuitua burutu du, baina azkena iritsi da tirolinetara eta hiru bakarrik zeuden. Han bertan gelditu da, Diana, Oskar eta Iñaki animatzen.
Tirolinetako ariketa amaitu baino pixka bat lehenago, Dianak arazo bat izan du: mosketoia trabatuta gelditu zaio eta ezin izan du aurrera jarraitu. Beraz, azkenean, Oskarrek eta Iñakik egin dute ikurrina zegoen lekuraino iristeko azken esfortzua. Alabaina, Oskar azkarrago ibili da: Iñakirekin distantzia handia zuen probaren azken uneetan, eta berak irabazi du lehiaketa.
Finalak Conquiseko bederatzigarren edizio honetan parte hartu duten guztiak elkartzeko eta hilabete hauetan guztietan ikusitako hainbat pasarte gogoratzeko ere balio izan du. Piches taldean egindako azpikeriak, lehiaketa utzi behar izan zuten lagunak, Blancaren nahasteak, janari pila batekin harrapatu zituztenekoa edota Kortaren eta Juanitoren arteko harreman berezia. Horrez gainera, hurrengo edizioko casting-ak non eta noiz egingo diren ere jakinarazi du Julianek.
Ikus-entzuleen gogokoena
Baina sari bat banatu gabe gelditu da: ikus-entzuleen gogokoenaren saria. Finala hasterako 10 lehiakide gelditzen ziren bertan. Finalean SMS bidezko botazioa jarri da martxan eta amaitu denean hiru lehiakide bakarrik gelditzen dira. Hurrengo asteazkenera arte eman ahal izango da botoa 25000 zenbakian, CFM eta lehiakidearen izena jarrita. Patxi Alonsok gidatzen duen saioan jakingo dugu nork eramango duen sari hori: Dianak, Karenek edota Alexek.