Itxi

telebista

Lehiaketa berria

'Hizkamizka' lehiaketa berria irailean, Zuhaitz Gurrutxagaren eskutik

A.E.

EiTB

Hizkiak, hitza, eta jakintzaren inguruko lehiaketa izango da astegunero arratsaldean ikusgai

  • Zuhaitz Gurrutxaga, 'Hizkamizka' saioko aurkezlea

    Zuhaitz Gurrutxaga, 'Hizkamizka' saioko aurkezlea

Zuhaitz Gurrutxagaren eskutik 'Hizkamizka' lehiaketa berria dakar Euskal Telebistaren lehenengo kateak irailetik aurrera, astegunero-astegunero, arratsaldeko ordutegian. Hizkiak, hitzak eta jakintzaren inguruko lehiaketa da, batez ere.

Ordu erdi irauten du atal bakoitzak eta bertan bi lehiakide ariko dira aurrez aurre, kultura orokorreko 100 galderari baino gehiagori erantzuten eta hutsik ageri diren hainbat taula apurka betetzen. Taula horietan, kantuen zatiak ageriko dira, edo esaera zahar bat, edo hitz polit baten definizioa, aforismo ezagun bat…

Azkenean, puntu gehien lortzen dituen lehiakideak irabaziko ditu 200 euro eta hurrengo saioan lehiatzeko aukera ere bai. Gainera, egunero ehun euro gizenduko den zaku bat irabazteko aukera ere izango du.

Nork egina da Guggenheim aurreko Puppy txakurra? Zer egiten du urak ehun gradutara iritsitakoan? Zein da Baionako jakirik ospetsuena? Zein da Turkiako hiriburua? Kantuaren arabera, zenbat txorten ditu baratzeko pikuak? Zein irlatan eduki zuten preso Napoleon? Nola deitzen zaio espazio zabalekiko izuari? Nola deitzen da Athleticeko presidentea? Zein da lurralde zabalena Autonomia Erkidegoan? Nork esan zuen 'euskaldunon aberria Euzkadi da'? Zein eskualdetan dago Altsasu? Haltzak ez badu bihotzik, zer falta zaio gaztanberari?... Eta halakoak, saio bakoitzean ehunetik gora.

Honelako galderei erantzunez, poliki-poliki joango dira ezkutuan dauden taula batzuk betetzen, azkenean bertan jartzen duena irakurri ahal izan arte, esate baterako, 'Alferra beti neke, mozkorra beti egarri' edota 'Naufragatu duenak, olatu txikienari ere dio beldur'.

Esan bezala, gidari lanetan Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohia ibiliko da, 'Futbolisto baten bakarrizketak' egiteagatik famatu dena. Kantari eta umoregile izateaz gain, aurkezle bikain ageriko da Gurrutxaga, lehiakideak harat-honatean eramanez, saioak dituen bost probetan zehar.

Lehiakide bila

Programan parte hartzeko deia egiten dute arduradunek. Ondo pasatzeko, lehiatzeko eta diru apur bat irabazteko aukera eskaintzen du saioak. Parte hartu nahi izanez gero nahikoa da hizkamizka@eitb.com epostara idaztea.

Aurkezlea: Zuhaitz Gurrutxaga

Zuzendaria: Hasier Etxeberria

Errealizazioa: Koldo Gutierrez, Arantza Soroa

Produkzioa: Juana Mari Otaegi

Erredakzioa: Joxe Mari Argoitia, Maria Beloki, Joxe Mari Gabiria, Yolanda Mendiola

Talde teknikoa: ETB- Miramon