Itxi

telebista

Irailaren 20tik aurrera

EITB Donostiako Zinemaldian murgilduko da bete-betean

EiTBk jarraipen zabala egingo dio Zinemaldiari irailaren 20tik aurrera, eta hainbat film eta Zinemira sailaren babesle izateaz gain, “DSS 1813-2013” dokumentala aurkeztuko du irailaren 23an.

  • Jose Luis Rebordinos eta Maite Iturbe. Argazkia: EITB.

    Jose Luis Rebordinos eta Maite Iturbe. Argazkia: EITB.

Aurten ere EITB Donostiako  Zinemaldian murgilduko da bete-betean. Zine lehiaketaren jarraipen zabala eta hedapena egiteaz gain, EITB-k “DSS 1813-2013” dokumentala aurkeztuko du irailaren 23an.

Euskal Irrati Telebistako hedabideek, ETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Gazteak eta eitb.com-ek zabal emango dute Zinemaldiaren berri. Irailaren 20an izango den irekiera ekitaldia eta 28ko itxiera ekitaldia, zuzenean eskainiko ditu ETB1ek. Horrez gain, irailaren 22 eta 27ko Donostia Sariak, eta  Zinemira Saria 24an ere emango dira.

Ekitaldi hauek guztiak streaming bidez izango dira ikusgai eitb.com-en web atariak Zinemaldiari eskainiko dion atalaren barruan.

‘Egun On Euskadi’, ‘ETB Hoy’ , 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek, 'Sin Ir Más Lejos' saioak, eta baita ‘Airean’, ETB1eko magazin berriak ere, tarte zabala eskainiko diote egunero Zinemaldiari. Aurkeztuko diren filmei, eta etorriko diren aktore, zuzendari eta gainontzeko protagonistei jarraipen zabala egingo diete.

Halaber, eguneko irudi onenak biltzen dituen tartetxoa eskainiko da egunean zehar ETBn.

Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ere adi-adi jarraituko dute egun hauetan Donostian gertatuko den guztia. Filmen analisiak, protagonistekin elkarrizketak, erreportajeak eta ekitaldi guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.

‘DSS 1813-2013’ dokumentalaren aurkezpena

EITBk  “DSS 1813-2013” dokumental film luzea aurkeztuko du Zinemaldian, irailaren 23an. Formattoo Mediak eta Orio Produkzioak ekoiztuta, Donostiaren suntsiketa eta berreraikuntzaren bigarren mendeurrena dela eta, hiriaren azken 200 urteotako gizarte aldaketen bilakaera aztertuko du lan honek. Donostiako Udalak eta ETBk babestu dute Victoria Eugenia antzokian, euskaraz, emango den dokumentala.

Filma 1813ko abuztuaren 31ko hiriaren erreketatik abiatuko da eta hiru alderdi berezi kontuan izango ditu: hiriaren transformazioa, gizarte aldaketak eta bilakaera sozialak. Elkarrizketak, soinudun artxiboak, eta artxibo zinematografikoak izango ditu. Bi hizkuntzetan kaleratuko da: euskaraz eta gazteleraz. Donostiako Zinemaldian eta euskal zinematan eskaini ondoren, udazken honetan ETBn izango da ikusgai.

Zinemaldian emango diren filmen babesle

Zinemaldian emango diren hainbat film eta dokumentalen babesle da ETB. Esate baterako, Fernando Francok Sail Ofizialean aurkeztuko duen La Herida filmean parte hartu du.

Halaber, Zinemira atalaren babesle izateaz gain, sail horretan aurkeztuko dituzten honako lan hauek burutzen hartu du parte: Mireia Gabilondoren Amaren Eskuak / Las Manos de mi Madre; Enara Goikoetxea eta Monika Zumetaren Izenik Gabe 200x133, Alfonso Andrés eta Javier Barajasen Una Esvástica sobre el Bidasoa / Esbastika bat Bidasoan; Jorge Gilen El Método Arrieta; Eneko Olasagasti eta Jone Karresen Alardearen Seme-Alabak eta Olivier Van der Zeeren Encierro, Bull Running in Pamplona.

Bestalde, Belodromoan emango den Zipi y Zape y el club de las canicas (Zipi eta Zape eta kanikaren kluba) Oskar Santosek zuzendutako filmak ere ETBren laguntza jaso du.

Azkenik, Jon Arregik eta Javier Gutiérrezek zuzendutako Euskadi Cocina en la Cumbre dokumentala Culinary Zinema sailean emango da.