telebista
16:00etatik aurrera
Lekeitioko Antzara Eguna, zuzenean, ETBn eta eitb.com-en
A.H.
EITB
Jarraitu hemen zuzenean ekitaldia, 16:00etatik aurrera. Horrez gain, Lekeitioko pilota txapelketako finala eskainiko da zuzenean.
Euskal Telebistak Lekeitioko Antzara Egunaren berri emango du zuzenean, eta gaur arratsaldeko 16:00etan bat egingo du festa giroarekin. Imanol Artolak gidatuta, antzara jokoa eskainiko dute ETB1ek eta eitb.com-ek; Maite Eskarmendi eta Iñigo Agirre erreportariak jendartean izango dira, parte hartzaileei elkarrizketak eginez eta portuan izango den giroaren berri bertatik bertara emanez.
Lekeitioko pilota finala
Arratsaldeko 18:15ean, bestalde, Euskal Telebistak Lekeitioko pilotalekuan jokatuko den txapelketako finala eskainiko du zuzenean. Irujo-Barriola eta Urrutikoetxea-Beroiz bikoteen arteko norgehiagoka izango da, eta Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Koldo Aldalurrek emango dute jaialdiaren berri zuzenean.
Gaueko 22:15ean, 'ETB Kantxa' saioak arratsaldeko pilota jaialdiko hiru partidak eskainiko ditu. Emanaldiaren hasieran, Titin III-Pascual eta Arretxe II-Zabala izango dira nor baino nor gehiago, eta ondoren, torneoaren finala errepikatuko dute. Amaitzeko, Rico IV-Iza / Apezetxea-Peñagarikano neurketa izango da ikusgai.