telebista
Gaur 23:30ean
'Infanta epailearen aurrean: atzera-kontaketa', 'El Dilema' saioan
EiTB
Noos auzia dela eta, Infantak epailearen aurrean egin beharreko agerraldia aztergai izango dute Juan Carlos Etxeberriak aurkezten duen saioan ere, '60 Minutos' saioaren ostean.
Noos auzian iruzur fiskala eta dirua zuritzea egotzita inputatu gisa deklaratu behar du Infantak laster, eta hori hizpide izango dute ETB2ko bi saiok gaur gauean; lehendabizi '60 Minutos' erreportaje saioak errepaso sakona egingo dio Cristina de Borbonen bizitzari, eta, ondoren, 'El Dilema' saioak beste hainbat alderdi erakutsiko dizkigu. Hartara, Andreu Manresa El País egunkariak Palman duen kazetariari elkarrizketa egingo diote saioaren hasieran. Kazetari honek hasiera-hasieratik jarraitu du Noos auzia. Jarraian, auzi honek epaitegietan izan duen ibilbideaz eta errege-etxean izan dezakeen eraginaz mintzatuko dira.
Horrez gainera, Juan Carlos Etxeberria aurkezlearen gidaritzapean, Jorge Juan Hoyos epailea, Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusia, Jesus Urraza abokatua eta Hildegart Gonzalez Erakundeen Komunikazio alorreko irakaslea izango dira mahai-inguruan.