telebista
22:30ean
'Jainko txiki eta jostalari hura' dokumentala, gaur, ETB1en
A.E..
EiTB
Kirmen Uribek, Mikel Urdangarinek, Rafa Ruedak eta Bingen Mendizabalek New Yorken egindako olerki eta musika bira du oinarri.
Jainko txiki eta jostalari hura dokumentala eskainiko du ETB1ek gaur, 22:30ean. 2013. urtearen amaieran Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal dokumentaleko protagonistek argitaratutako izen bereko lana oinarri hartuta, New Yorken egindako bira txikiak aukera zabaltzen digu euskal sentimenduaren irudikapen musikal eta poetiko bat egiteko.
Kirmen Uriberen olerki humano bezain hurbila erabiliz, eta musikarien talentoaren bitartez, Euskal Herri unibertsal bat aurkezten digu dokumentalak: herri txiki eta behartsu bat munduaren aurrean, indibiduoak unibertsoaren parean sentitzen duen txikitasunak sorturiko sentipen eta erreflexioetan bildurik.
Mendetan zehar, gure herritik New Yorkera, itxaropena adierazten duen Itaca baten bila joandako diasporak eta oraingo honetan, milenio berrian hara joandako olerkari eta musikari hauek egindako birak, antza handia dute elkarren artean. Batean zein bestean, gure herriaren eta jendeen amets zotilak, pairamenduak, maiteminak eta galdutako lagunen oroimenak eramaten baitira norberarekin itsas zabalaren bestaldera, gure arimarentzat etorkizun baketsu eta iraunkorra aurkitzeko esperantzarekin. Eta, ezinbestean, herrian utzitako lagunak, familiak, maiteak, oroiminak eta leku kuttunak, behin eta berriro berpizten bait dira gure gogoan.