Itxi

telebista

Gaur

Binakako Txapelketako finala, zuzenean, ETB1en eta eitb.com-en

A.A.

EiTB

Olaizola II-Aretxabaleta / Irujo-Barriola norgehiagoka, Bizkaia pilotalekutik, 17:00etatik aurrera.

0:19

Binakako Txapelketako finala dugu gaurko kirol hitzordu nagusia. Euskal Telebistak arratsaldeko bostetan egingo du bat Bizkaia pilotalekuarekin, Olaizola II-Aretxabaleta eta Irujo-Barriola arteko lehia zuzenean eskaintzeko. Bertan gertatzen denaren berri zuzen-zuzenean emango dute Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak, Elena Azpeitiak eta Koldo Aldalurrek.

Atariko partidan Titin III-Cecilio eta Urrutikoetxea-Begino izango dira aurrez aurre, eta hirugarrenean, berriz, Apezetxea-Larrinaga / Rico IV-Ladis Galartza. Emankizuna ETB1en eta eitb.com-en izango da ikusgai zuzenean. 19:30etik aurrera ETBKn jarraitu ahal izango da.

Saskibaloia, aizkolariak eta futbola, ETB1en

12:15ean hasiko da Endesa Ligako Gipuzkoa Basket-CB Valladolid partidaren emankizuna. Asier Arangurenek, Josean Aldalurrek eta Juan de la Vegak egingo dute kontakizuna, eta eitb.com-en ere ikusgai izango da.

16:00etan, eguerdian Beran jokatutako aizkolarien banakako Eusko Label sariko probaren berri emango dute Koldo Aldalurrek eta Joxe Etxebestek.

19:30ean hasita, Mikel Olazabalek futbol jardunaldiaren errepasoa egingo du 'Gol Festa' saioan.

Afizionatu mailako pilota, txirrindularitza, erremontea eta zesta, ETBKn

12etatik aurrera, GRAVNI torneoko emakumezkoen paletako finalak izango dira ikusgai. Iñigo Aiestaranek egingo du kontakizuna.

14:00etan hasiko da Romandiako Itzuliko azken etaparen emanaldia. 18,5 kilometroko erlojupeko probaren ingurukoak Alfontso Arroiok eta Xabier Usabiagak ekarriko dizkigute. eitb.com-en ere ikusgai izango da.

20:15etan, Urriza-Endika / Juaristi-Barrenetxea IV erremonte neurketa emango da eta ondoren, zesta puntako Pro-Am txapelketako Hondarribiko sariko ¾ posturako partida: Korta-Lignau / Treku-Suso. Iñigo Aiestaran izango dugu esataria, Manuel Arrizabalaga Matxin eta Jabier Arkarazo lagun dituela.