Itxi

telebista

Europako Hauteskundeak

Hauteskunde gauari arreta berezia EiTBn

A.E

EiTB

Euskal Telebista, Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta eitb.com-en egunean zehar ere jarraipen zabala egingo zaie, eta hauteskunde gauaren inguruko saio bereziak 22:00etatik aurrera eskainiko dira.

Gaurko Europako Parlamenturako hauteskunde egunari jarraipen zabala eskainiko dio EITBk, Euskal Telebista, Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta eitb.com-en bidez. Egunean zehar hedabide ezberdinetan berri emateaz gainera, saio bereziak egingo dira gaueko 22:00etan hasita.

Telebistako informazioari dagokionez, ETB2n Estibaliz Ruiz de Azua, Africa Baeta eta Asier Odriozola izango dira albistegi bereziaren gidariak 22:15etik aurrera.

ETB2ko saioan, Alfredo Retortillo politologoak emaitzak aztertuko ditu eta horrez gainera, alderdi politiko guztien egoitzetan, Madrilen, Bartzelonan, Baionan, Parisen eta Bruselan egongo dira kazetariak notiziak horrela agintzen duenean berri emateko. Platoan, politikoen mahaia ere izango da eta maiatzaren 25eko emaitzen ondorengo mapa politikoaz hausnarketa egingo dute. EAJ/PVtik Jokin Bildarratz izango da, PSE-EEtik Ekain Rico, PPtik Xabier Olabarrieta eta EH Bildutik Maite Ubiria.

Bestalde, ETB1en Maddalen Iriartek eta Xabier Usabiagak gidatuko dute programa berezia 22:15ean hasita. Eurekin batera, Asier Blas EHU/UPVko politologoa, Eider Alkorta EHU/UPVko soziologoa, Felix Arrieta Deustoko Unibertsitateko soziologoa eta Pilar Kaltzada kazetaria egongo dira. ETB1eko saioan ere konexioak tartekatuko dira berria sortzen den leku guztiekin.

Astelehenean ere  emaitza eta ondorioak aztertuko dituzte. Hori izango da, besteak beste, 'Egun On Euskadi' eta 'ETB Hoy' goizeko albistegietan ardatza eta gaueko 'El Dilema' saioko mahai inguruaren muina. Goizeko elkarrizketaren tartean Javier Unzetabarrenetxea EHU/UPV-ko irakasle eta Europar gaietan aditua hartuko dute.

Juan Carlos Etxeberriak gidatzen duen gaueko saioan kazetari eta adituen hausnarketa izango da. Mahai inguruan Lluis Bassets El Pais-eko zuzendari ondokoak, Martxelo Otamendi Berria-ren zuzendariak, Lourdes Perez El Diario Vasco-ren zuzendariordeak, Iñaki Gonzalez Deia-ren zuzendariordeak, Alfredo Retortillo politologoak eta Huego Cuello Con Copia a Europa gazte plataformako kideak esku hartuko dute.

Radio Euskadi eta Euskadi Irratia

EiTBko irratiek ere hauteskunde gaua zuzen-zuzenean biziko dute. Emaitzak berehala eskaintzeaz gain, hausnarketa ere bilduko dute irratsaio berezi hauetan.

Euskadi Irratian egun osoan zehar hauteskunde kanpainiaren zuzeneko jarraipena egingo dute, hauteskunde guneetatik eta hautagai nagusiek bozkatuko duten tokietatik konexioak eginez eta informazio hori bilduz. Era berean, parte-hartze datuen inguruko informazio puntuala emango dute. Hauteskundeei buruzko albistegi berezia 20:00etatik 20:15era eta 22:00etatik 00:00etara izango da. Saioa Pilar Goyak gidatuko du, eta solaskide Xabier Aierdi, Eguzki Urteaga eta Mikel Irizar izango ditu.

Euskal alderdi nagusien egoitzatan kazetariak izago ditu Euskadi Irratiak, baita Madrilen (Genovan eta Ferrazen), eta noski Bruselan, Europako parlamentuan ere. Puntu horietatik, etengabeko konexioak egingo dituzte. Horrez gain Europako korrespontsalekin konexioak egingo dituzte eta elkarrizketak Europan barrena bizi diren euskaldunekin eta Europari buruzko adituekin.

Hauteskunde biharamunean ere saio berezia bilakatuko da 'Faktoria' saioa, Maite Artolak zuzenduta. Kasu honetan, emaitzen errepaso zehatza eta analisi eta gogoeta sakona egingo dituzte. Solaskideak, Bingen Zupiria, Asier Blas eta Mikel Aramendi izango dira. Gainera, alderdi politiko nagusien ordezkariei elkarrizketak, Euskal Herriko eta Europako prentsa irakurketa, eta Europako korrespontsalekin erronda eskainiko dituzte.

Radio Euskadin, egun osoan jazotzen den guztia arretaz jarraitzeaz gainera, saio berezia izango da 22:00etan hasi eta 00:00ak arte, Xabier Garcia Ramsdemen eskutik. Konexioak egingo dituzte alderdi ezbedinen egoitzekin, hautagaiak elkarrizketatuko dituzte eta galdeketa eta hausnarketarako tartea izango da. Bestea beste, Jesus  Torquemada, Mariano Ferrer eta Luis Azpiolea izango dituzte gonbidatuak. Irratsaio bereziaz gainera, egun osoan zehar parte hartze datuak, hautagaiak eta bozketen nondik norakoak kontatuko dituzte. Arratsaldeko zortzietatik aurrera arreta bereziz jarraituko dute bozketaren amaiera.

Asteleheneko 'Boulevard' irratsaioak, berriz, Dani Alvarezekin  iritzi, hausnarketa eta protagonista guztien hitz eta lekukotasunak bilduko ditu. Nerea Llanos (PP), Itxaso Atutxa (PNV), Hasier Arraiz (EH Bildu) eta Idoia Mendia (PSE) elkarrizketatuko ditu goizeko tartean.

eitb.com

eitb.com-ek http://www.eitb.com/eu/hauteskundeak/europakoak/ web gune berezian hauteskunde egunaren jarraipen estua egingo du. Gauean, botu zenbaketaren emaitzak eskainiko ditu zuzenean, eta emaitzak ikusteko aukera emango du grafikoen bidez. Horrekin batera, emaitzen analisia eta protagonisten balorazioak jasoko dira, gaueko albiste eta bideo guztiak eskainiz.