telebista
Azken eguna
Azken aukera 'El Conquis' saioko lehiakide izateko!
A.H.
EITB
Saioko lantaldea EiTBren Bilboko egoitzan egongo da 09:00etatik 19:30era, lehiakide izan nahi duten guztiak ezagutzen.
-
Rebeka iazko casting-eko ilaran, zain
'El Conqusitador del Fin del Mundo' realityaren hurrengo edizioan lehiakide izateko azken aukera duzue gaur, ostirala, castingen azken eguna izango baita uztailaren 11. Saioko lantaldea EiTBren Bilboko egoitzan egongo da egun osoan: 09:00etatik 19:30era.
Bertara joaterik ez dutenek, ordea, internet bidezko castinga egin dezakete. Bideo bat bidali beharko dute, eitb.eus webgunean, 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren web orrian, aurkituko duten Online Castinga atalaren bitartez.
Aurreko egunetan, Iruñean, Gasteizen, Donostian eta, atzo, Bilbon ibili ziren 'El Conquis' saiokoak. Dagoeneko 600 pertsonatik gora aurkeztu dira castingetara. Saioko arduradunen esanetan, hautagai gehienak 18 eta 22 urte arteko mutilak izan dira, baina adinez helduagoak direnak ere egon dira, aurreko edizioetan baino gehiago.
Mutilak neskak baino gehiago izan dira. Dena den, arduradunek nabarmendu dute nesken kopurua handitu egin dela. "Urtero bezala, denetariko hautagaiak daude. Hala ere, aurkeztu diren nesken artean oso maila altua dago", gaineratu dute.
Casting jardunaldi jendetsuak izan dira hiru hiriburuetan. Argazkia atera eta inprimakiak bete ondoren, hautagaiek kamera aurreko aurkezpenari eta galderei egin behar izan diete aurre. Sekretua naturaltasunez jokatzea eta zintzotasunez erantzutea omen da.
Espiritu abenturazalea izatea eta kirola eta bidaiatzea gustuko izatea eskatuko zaie parte-hartzaileei, baina mota guztietako lehiakideen bila dabiltza arduradunak: kirolariak eta fisikoki indartsuak direnak, umoretsuak eta erakargarritasunen bat dutenak... Denek dute 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko hamaikagarren edizioko lehiakide izateko aukera.