Itxi

telebista

Gaur, 22:00etan, ETB1en

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari buruzko dokumentala

A.A.

EiTB

Aurten 250. urteurrena ospatzen duen elkartearen historia biltzen du Modernitatearen distira izenburua daraman ikus-entzunekoak.

0:23

Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País-Euskalerriaren Adiskideen Elkartea 250. urteurrena ospatzen ari den honetan, elkartearen historia biltzen duen dokumentala emango du gaur gauean ETB1ek. Gaueko hamarretan izango da ikusgai Modernitatearen distira izeneko ikus-entzunekoa.

Euskal Herriko sozietaterik zaharrena dugu. 1764an sortu zen, Azkoitiko Insausti jauregian zenbait urte lehenagotik egiten ziren solasaldien haritik. Peñafloridako kondeak, Xabier Maria Munibek, bultzatu zituen solasaldi horiek, hain zuzen. Euskal Herriak Zientziekiko, Arte eta Letra Ederrekiko duen joera eta zaletasuna lantzea, ohiturak zuzendu eta fintzea eta euskaldunen arteko batasuna gehiago sustatzea zuen helburu.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea gorpuzteko lehenengo ekintza garrantzitsuenetako bat izan zen Bergarako Errege Mintegia sortzea, ikerketaren eta irakaskuntzaren aitzindari izan den erakundea. Nekazaritza ekoizpenetako teknikak hobetu zituzten, patataren eta artoaren laborantza hedatuz. Bertako laborategietan, halaber, Elhuyar anaiek metal berri bat isolatzea lortu zuten: wolframioa, teknologia mundura iraultza ekarriz. Osasungintzan ere aurrerapausoak eman zituzten, txertoak sortuz, eta lan handia egin zuten kulturgintzaren alde, euskara, musika eta beste hainbat jarduera bultzatuz.

1764tik gaur egunera arte egindako ahalegin eta aurkikuntzen errepasoa egiten du Modernitatearen distira dokumentalak. Bide batez, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko egungo kideak ezagutuko ditugu. Sorrerako kideek bezala, euren herriaren aurrerabidea eta hobekuntza lortzeko egiten dute lan.