Itxi

telebista

Nesken taldea

Hernani, finalerdietara, Julen Madinaren taldeari irabazita

Amaia Puertas izan da emakumez soilik osatutako taldeko kapitaina, eta bere taldea garaile atera da. "Conquistour" saioko taldeak bigarren porrota jarraian jaso du.

  • Nesken taldea. Argazkia: EiTB

    Hernaniko nesken taldea, finalerdietara. Argazkia: EiTB

'Conquistour' saioko laugarren erronka Hernanin egin zen. Julen Madina izan zen 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioa irabazi zuten lehiakideek osatutako taldearen kapitaina, eta Amaia Puertas 'El Conquis'eko lehiakide izandakoak gidatu zuen emakumez soilik osatutako taldea.

Julen Madinak iragan astean Mikel Goñik egindakoari jarraipena eman zion, hau da, 'Conquistour' saioko taldeak porrota jaso zuen. Juleni abisua eman zion Amaiak lehian hasi aurretik: "Nik aukeratutako neskek daukaten guztia eta gehiago emango dute".

Baztanen porrota jaso zuten arren, 'Conquistour' saioko taldea lasai eta alai joan zen Hernanira. Julen Madina kapitainarengan ez zuten fede handiegirik, baina giro alaian jarraitzen zuten. Raul Arribasek 'El Conquis' saioan parte hartu zuenean, Julen Madina izan zuen kapitain, eta zortzi urte geroago ikusi zuten elkar berriro. Baina algarak eta jai-giroak ez zuen asko iraun Madinari zertarako gai den erakustea falta zitzaion eta.

Julen Madinak gogotik sufritu zuen kapitainen proban. Sarea igotzen indar guztiak agortu zituen, eta lur jota amaitu zuen. Amaiak, ordea, lan bikaina egin zuen, eta Hernaniko neskek lortu zuten garaipena kapitainen erronkan. Kapitainen lehia irabazteak abantaila ematen zien arratsaldeko azken lehiarako, baina horrez gain, sagardotegian bazkari eder bat ere irabazi zuten neskek. Galtzaileek, bestalde, sardinak eta polenta besterik ez zuten izan bazkaltzeko.

Eguneko proba erabakigarria Santa Barbaran egin zen, eskalatzaileek ondo ezagutzen duten tokian. Sonia aukeratu zuten Hernaniko neskek eskalatzeko, eta Raul aukeratu zuten 'Conquistour' taldekoek. Dena den, Raulek ezin izan zuen ezer egin, 'Conquistour' saioko taldekoek ez lehiatzea erabaki baitzuten. Madinak zuzendutako taldea haserretu egin zen, ustez, nesken karroak pisu askoz gutxiago baitzuen. Neskek lanean jarraitu zuten, eta Soniak ikurrina hartzea lortu zuenean, garaile gertatu ziren Hernaniko neskak.

'El Conquistador del Fin del Mundo' saiora zuzenean sailkatzeko aukera ematen dio taldekide bati 'Conquistour' saioko taldeari irabazteak, eta Hernaniko neskek Irati Agirre aukeratu zuten taldeko ordezkari moduan. Argi geratu zen Hernaniko emakumeak oso indartsuak direla.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Hernani