Itxi

telebista

A las 15:00

Xalbador protagonista, gaur, 'Sautrela'n

A.H.

EITB

Mixel Itzaina gai jartzaile eta bertsolaritzan adituak Xalbador (1920- 1976) liburua argitaratu berri du ,eta larunbateko saioan izango da bertsolariaren lan eta ibilbidea azaltzeko.

  • Hasier Etxebarria. Argazkia: EiTB

    Hasier Etxebarria, 'Sautrela' saioko aurkezlea. Argazkia: EiTB

Fernando Aire Etxart Xalbador bertsolariaren lana hizpide hartuko du gaurko 'Sautrela'k. Hasier Etxeberriak Mixel Itzaina gai jartzaile eta bertsolaritzan aditua elkarrizketatuko du honen inguruan. Gonbidatuak liburu berria idatzi du Xalbadorren gainean: Xalbador (1920-1976). Bertsolariaren bizitza ez ezik haren bertsoak ontzeko modua aztertu du, zertan zen hain berezi, zeri ematen zion garrantzia gehien, eta abar. Tartean, jakina, 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian jasotako txistuez ere idatzi digu, non Itzaina bera epaimahaiko kide baitzen. Horrekin batera Xalbador zendu zen egunaz ere jardun da. Ugarik gogoan duten eguna izan zen hura, Urepelen egin zitzaion omenaldiaren egunean bertan hil baitzen Xalbador.

Egokiera hori aprobetxatuz, bertsolaritza eta literaturaren arteko harremanez jardungo da aste honetako erreportajea.  Gure zakutik berreskuratutako piezan, Uxue Alberdi eta Xabier Amuriza, biak ere bertsolari, biak ere idazle, mintzoko dira gaiaren inguruan: bertsolaritza literatura ote da? Zertan bereizten dira? Zeintzuk dira bakoitzaren ezaugarri nagusiak?

Saioaren amaiera aldera, Beñat Sarasolak Xalbadorren liburu ia mitikoa izango du hizpide hain zuzen ere, Odolaren mintzoa. Xalbadorrek lehen pertsonan idatzitako liburua da, alde batetik bere bizitzaren zertzelada batzuk ematen dituena, eta bestetik, bertso nabarmen ugari biltzen duena. Horietako zenbait, gainera, Xalbadorren beraren zenbait oharrez onduak dira.

'Sautrela' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.