telebista
Zuzenean
Suitzako Itzuliaren amaiera eta pilota Logroñotik, gaur, ETBn
A.A.
EiTB
Berna hirian jokatuko den erlojupekoarekin bukatuko da itzulia; jaialdiko partida nagusian, Irujo-Tolosa eta Altuna III-Merino II izango dira aurrez aurre.
Suitzako Itzuliaren azken etapa zuzenean jarraitu ahal izango da gaur, ETB1en eta eitb.eus-en, 16:20etik aurrera. Berna hirian jokatuko den 38,4 kilometroko erlojupeko probarekin amaituko dute aurtengo itzulia. Bertan gertatzen denaren zuzeneko kontakizuna egingo dute Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak.
Txirrindularitza amaitutakoan, 18:00etan, Logroñoko Adarraga pilotalekuarekin bat egingo dute, bertako pilota jaialdia eskaintzeko. Partida nagusiarekin ekingo diote zuzeneko emankizunari, Irujo-Tolosa / Altuna III-Merino II. Ondoren, Aritz Lasa-Urruzola eta Mendizabal III-Larrinaga izango dira aurrez aurre. Amaitzeko, jaialdiaren hasieran jokatutako Gorka-Irusta / Dario-Cecilio norgehiagoka izango da ikusgai. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira esatariak.
ETB1eko herri kirol tartea 15:20ean zabalduko da, lur gaineko sokatirako Euskadiko Txapelketa (640 kg) eskaintzeko. Juanan Legorburu arduratuko da goizean Bilbon jokatutako probaren kontakizunaz, Javier Urresti adituarekin batera.
Bestalde, ETB4n bi emankizun izango dira gaur. Batetik, hilaren 14an Zeanurin ospatutako Bizkaiko emakume pilotarien eguneko esku eta paleta partidak izango dira ikusgai 12:00etan. Bestetik, palako Bizkaia Torneoko finala, Fusto-Chatellier / Gaubeka-Ibargarai, eskainiko da 20:30ean. Iñigo Aiestaranek egingo du kontakizuna, goizean Unai Iglesias lagun duela eta arratsaldean Mikel Aierberekin.