telebista
Audientzia
Pilota finala, bere ordu tartean nagusi, 239.000 ikus-entzulerekin
EITB
Kirol emanaldiek eta 'Stars. Izarrak Kalean' saio berriaren estreinaldiak audientzia arrakasta handia lortu dute asteburuan.
ETBk asteburuan eskainitako kirol hitzordu garrantzitsuek audientziaren babesa lortu dute; eskuz banakako pilota finalak, estropadetako San Miguel Ligaren hasierak, eta Cadiz-Athletic B taldeen arteko norgehiagoka erabakigarriak, besteak beste. Horrez gain, 'Stars. Izarrak Kalean' saio berriaren estreinaldiak ere jarraipen handia lortu du euskal ikus-entzuleen artean.
Eskuz banakako finala
Eskuz banakako pilota finala bere ordu tartean audientzia buru izan zen; % 20,3ko kuota lortu zuen, eta % 24,1ekoa euskaldunen artean. Aimar Olaizolaren eta Mikel Urrutikoetxearen arteko partida estua izan zen, eta, azkenik, bizkaitarrak eraman zuen txapela etxera. Emanaldiak 239.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.
Estropadak eta futbola
Goizean, lehen mailako beste bi kirol hitzordu eskaini zituen Euskal Telebistak. ETB1en, San Miguel Ligaren hasierako Euskadi-Basque Country Banderak % 10,4ko audientzia zatia lortu zuen; % 15,1ekoa euskaldunen artean. Horrez gain, 125.000 ikus-entzulek bat egin zuten emanaldiarekin Euskadin eta eragin eremuan.
Aldi berean, ETB2n, Cadiz-Athletic B futbol partida izan zen ikusgai. Norgehiagoka erabakigarria zen eta talde bilbotarrak Bigarren Mailara igotzea lortu zuen. Emanaldiak % 20ko audientzia zatia lortu zuen eta 207.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.
ETBko bi kateek ordu tarte horretan lortutako datuak batuz gero, % 30eko audientzia zatia gainditu zuen Euskal Telebistak igande goizean.
'Stars. Izarrak Kalean' saioaren estreinaldia
'Stars. Izarrak Kalean' saioko bigarren denboraldiaren estreinaldiak ere audientziaren bermea lortu zuen, % 3,5eko kuota bereganatu baitzuen euskaldunen artean. Alex Sarduik eta Maria Amolategik aurkeztuta, 147.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.
eragin eremuan.