telebista
Saio berria
Olinpiar Jokoetan arituko diren euskal kirolariak, 'BAT to Rio' saioan
Erredakzioa
Saio berri hau BAT Basque Team-ek eta ETBk elkarrekin egingo dute, eta astean behin emango da, Rioko Olinpiar Jokoak hasi arte.
-
Jon Redondo, Antonio Oña, Maider Unda, Iker Martinez eta Maite Iturbe
Rio 2016 Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan parte hartzeko aukeran dauden euskal kirolarien berri emateko telebista saioa da "BAT to Rio". "BAT to London" saio aurrekariak jarri gaitu hitzordu nagusi horretara begira berriz, orduan ere euskal kirolariak Olinpiar eta Paralinpiar Jokoen atarian aurkeztu zizkigunak. Orduko hartan bezala, honakoa ere Basque Team taldeak eta Euskal Telebistak elkarlanean mamitu duten ekoizpena da.
EiTBren egoitza nagusian aurkeztu dute gaur komunikabideen aurrean. Bertan izan dira Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria eta Euskadi Kirola Fundazioko idazkaria, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia eta Euskadi Kirola Fundazioko presidente ondokoa, BASQUE TEAM beka duten olinpiar dominadun bi kirolari (Maider Unda borrokalaria eta Iker Martinez estropadalaria), eta Antonio Oña EDP konpainiako Kanpo Harremanetarako zuzendaria, babesle gisa.
Markel Alberdi lehen saioan
"BAT to Rio" astero izango da ikusgai, larunbatetan, ETB2n, 14:45ean, "Teleberri" albistegiaren aurretik, eta ETB1en, 21:00etan, "Gaur Egun" albistegiaren ostean. 12 bat minutuko erreportaje monografikoak izango dira. Horrela, ikus-entzuleek Rion parte hartuko duten euskal kirolariak ezagutzeko aukera izango dute Olinpiar Jokoak hasi arte falta diren 9 hilabeteetan.
Lehenengo saioa larunbatean, azaroak 7, eskainiko dute, Markel Alberdi igerilari eibartarra izango du protagonista, eta igeriketan gaurdaino nola aritu den kontatuko digu. Blume Goi-mailako Kirolarientzako Zentroan bizi da Markel, Madrilen, eta kirol maila hobetzeko lana eta ikasketak uztartzen ditu bertan. Estilo libreko 100 metroko probako errekorraren jabe da Espainian, eta Rio 2016ko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko gutxieneko marka lortzea du helburu. Bide horretan murgilduta dago erabat, eta horren isla da lehen saio honen titulua: “Ezina Ekinez Egina”.
Iñigo Asensio eta Iñigo Eraso dira saioko zuzendaria eta errealizadorea, hurrenez hurren. Ur azpiko kamerak, droneak eta ikus-entzunezkoetan puntako teknologia erabilita, irudi ikusgarriak lortu dituzte. Asensiok eta Erasok eskarmentu zabala dute telebistan, kirol eta bidaien inguruko gaiak maiz jorratu baitituzte. Biak izan ziren "BAT to London" saioaren arduradun nagusiak.
24 euskal kirolarik hartu zuten parte Londresko Olinpiar Jokoetan, gehienak BASQUE TEAM taldeko bekadunak: Julen Aginagalde, Mikel Arrizabalaga, Patricia Elorza, Eli Pinedo eta Nely Carla Alberto (eskubaloia); Ander Herrera eta Iñigo Martínez (futbolean); Kako Aramburu eta Pablo Carrera (tiro olinpikoa); Nora Aida Bicet eta Mikel Odriozola (atletismoa); Ainhoa Murua eta Zuriñe Rodrigez (triatloia); Jonathan Castroviejo eta Leire Olaberria (txirrindularitza); Maialen Chourraut, Ander Elosegi eta Samuel Hernanz (piraguismoa); Xabier Fernandez eta Iker Martinez (bela); Oiana Blanco, Kiyoshi Uematsu eta Sugoi Uriarte (judo); eta Maider Unda (borroka).
Rio 2016ra begira, hainbat dira errepikatzeko hautagai: Maider Unda, Iker Martinez, Eli Pinedo, Pablo Carrera, Mikel Odriozola, Ainhoa Murua, Maialen Chourraut, Ander Elosegi, Samuel Hernanz, Leire Olaberria, Kiyoshi Uematsu... Beste hainbat, berriz, estrainekoz aritu litezke: Markel Alberdi (igeriketa), Iñigo Peña eta Begoña Lazkano (pistako piraguismoa), Tania Calvo (pistako txirrindularitza)...