telebista
22:25ean
'A-20, inpunitatearen eguna' dokumentala, gauean, ETB2n
EiTB
Brouarden eta Muguruzaren hilketen inguruan dauden galderen erantzun bila aritu da Xabier Madariaga kazetaria.
A-20, inpunitatearen eguna dokumentala eskainiko da gaur ETB2n 'Testigo Directo' tartean, 22:20an. 40 urte beteko dira azaroaren 20an Franco hil zenetik, baina diktadorearen itzala luzea izan da Euskal Herrian. GALek sinbolismo handiko egun hori aukeratu zuen 1984an Santi Brouard pediatra eta Herri Batasuneko kidea hiltzeko. Bost urte geroago, egun berean, bi pistoladunek Josu Muguruza HBko diputatua hil zuten Madrilen.
Frankismoak iraun zuena baino urte gehiago daramatzagu demokrazian, baina atentatu horiei buruzko galdera askok ez dute oraindik erantzunik. Nortzuk izan ziren Brouard eta Muguruzaren hiltzaileak? Nork agindu zituen atentatuak? Zergatik hil zituzten azaroaren 20an?
Galdera horien erantzun bila aritu da Xabier Madariaga kazetaria A-20, inpunitatearen eguna dokumentalean, eta gaia gertutik ezagutzen duten hainbat protagonista elkarrizketatu ditu.
Brouard auziari dagokionez, Iñaki Ruiz de Pinedo Brouarden lagun minak eta Antonio Rubio auzia argitara atera zuen kazetariak hillketari buruzko xehetasun guztiak azalduko dituzte dokumentalean.
Muguruza auziari dagokionez, berriz, Xabier Oleaga hilketaren lekuko zuzenak eta Ricardo Saenz de Ynestrillas atentatuan parte hartzeagatik epaitu eta libre gelditu zen falangistak gertaerari buruzko bertsio kontrajarriak jarriko dituzte mahaiaren gainean.
Halaber, Joaquin Gimenez epaileak, Kepa Landa abokatuak eta bi biktimen alabek, Edurne Brouardek eta Ane Muguruzak, azaroaren 20ko hilketen zergatiak eta ondorioak ulertzen lagunduko diote dokumentalaren ikusleari.