Itxi

telebista

Memoria kritikoaz

'Las huellas perdidas' dokumental sorta grabatuko du EiTBk

Laster hasiko da grabaketa, eta iraganari buruz eta 1960tik aurrera egindako giza eskubideen urraketaz modu kritikoan hausnarketa egingo duen dokumental sorta izango da.

'Las huellas perdidas' dokumental sorta grabatuko du Euskal Telebistak, Eusko Jaurlaritzaren kolaborazioarekin. Iraganari buruzko hausnarketa kritikoa, terrorismoari, indarkeriari eta 1960tik aurrera egindako giza eskubideen urraketari dagokionez.

Hamarkadaz hamarkada antolatutako bost dokumental ezberdinez osatuta egongo da 'Las huellas perdidas'. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenaren arabera, "dokumental sorta hauek gertaerekiko hurbilketa eta testuinguru historikoa landuko dute bereziki, teknikoki ondo garatutako historiografia batetik, zintzotasunez, zehaztasunez, objektibitatez eta aniztasuna errespetatuz erabiliko dena".

Horretarako, proiektuak batzorde editorial aholku-emaile bat edukiko du erreferente modura. Batzorde hori Juan Pablo Fusi historialariak, Mariano Ferrer kazetariak eta Eusko Jaurlaritzako aholkulari izandako Mari Carmen Garmendia irakasleak osatuko dute.

Dokumentalak ETBren kateetan emango dituzte, eta Euskal Herriko liburutegietan, unibertsitateetan eta irakaskuntza zentroetan banatzeko aukera aztertuko da.

>