Itxi

telebista

Hauteskunde kanpaina

Jarraipen berezia egingo die EiTBk abenduaren 20ko hauteskundeei

A.E.

EiTB

Eztabaidak, elkarrizketak, eguneroko informazioa, doako iragarkiak eta hauteskunde gaueko saio bereziak izango dira irrati eta telebistan. Horrez gain, eitb.eus-ek webgune berezia du.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Abenduaren 4tik aurrera, jarraipen zabala egingo diete EiTBko irratiek, telebistak eta internetek abenduaren 20ko hauteskunde kanpainari eta gauari. Hartara, ETB1, ETB2, Euskadi IrratiaRadio Euskadi eta Radio Vitoria buru-belarri ariko dira kanpaina osoan eta baita hauteskunde egunean bertan ere. Eguneroko informazioa albistegietako tarte berezietan sartuko da, baina horrez gainera, elkarrizketak eta eztabaidak izango dira eta doako iragarkiak; hauteskunde gauean, berriz, saio bereziak, inkestak, botoen kalkuluak eta behin betiko emaitzak. Horrez gain, eitb.eus-en webgune berezia du eduki eta jakingarri guztiekin.

Eguneroko albistegietan jarraipena

Aurreko hauteskunde aldietan bezala, EiTBk tarte bereziak sortzeko asmoa dauka, bai telebistan (ETB1en eta ETB2n) eta bai irratietan (Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitorian) ere, kanpaina ofizialak dirauen denbora guztian eguneroko informazio saioetan airera daitezen.

Hauteskundeei buruzko informazioan, informazio-gune nagusiei buruzko kronika ere egingo da, Biltzarrerako hauteskundeen eremu orokorrean (Madril, Katalunia, etab.).

Gainera, irratietako eguerdiko albistegietan gai zehatzen inguruan alderdiek dituzten jarreren inguruko ikuspegiei eskainitako tartea izango da. Bertan, alderdien jarrera ezberdinak islatuko dituzte Estatu eredua, ekonomia edota gizarte politika bezalako gaien inguruan.

Elkarrizketak

EiTBko albiste zerbitzuek euskal gizarte osoari alderdi bakoitzaren programaren barruan zehaztuta dauden punturik aipagarrienei buruzko informazio zuzena ematea izango dute helburu. Ahalik eta ikuspegi zabalena emateko asmoz, hauteskundeetara aurkezten diren alderdi eta koalizioen ordezkariei eginiko elkarrizketak eskainiko dituzte.

ETB1en, 'Egun On Euskadi' goizeko albistegian emango dituzte elkarrizketak, Estepan Aldamiz-Etxebarriaren eskutik; eta ETB2n ''En Jake' saioaren barruan, Xabier Lapitzekin. Irratietan, berriz, astelehenetik ostiralera Euskadi Irratian 'Faktoria'n, Maite Artolarekin; Radio Euskadin 'Boulevard' irratsaioan, Dani Alvarezekin; eta Radio Vitorian, 'Araba Gaur' irratsaioan, Maritxu Diezekin.

Eztabaida bana hedabide bakoitzean

Ikusleei alderdi politikoek hauteskundeetarako prestatu dituzten programen eta proposamenen zuzeneko kontrastea eskaintzeko helburuz, debate bana egingo da hedabide bakoitzean.

ETB1en 'Azpimarra +' saioaren barruan eskaini da eztabaida politikoa asteartean, abenduaren 15ean, Madalen Iriartek gidatuta. ETB2n, berriz, 'Minuto a Minuto' saioaren baitan, Aintzane Bolinagarekin, abenduaren 16an.

Era berean, irratietan ere izan dira debateak: Radio Euskadin 'Boulevard' saioan izan zen debatea, Dani Alvarezek gidatuta; Euskadi Irratian, 'Faktoria' tartean, Maite Artolak gidatuta; eta Radio Vitorian, 'Araba Gaur' albistegian, Maritxu Diezekin.

Hauteskunde gaua

Abenduaren 20ko hauteskunde gauean EiTBk saio bereziak emango ditu taldeko hedabide bakoitzean. Euskal Telebistak saio bana eskainiko du ETB1en eta ETB2n, 20:00ak baino lehen hasita, eta hauteskundeetako informazioa tartekatuko dute gainerako albistegi eta igandeko kirol tarteekin batera. Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik 19:45ean hasiko dute hauteskunde gaueko tarte berezia.

Euskal Telebistan zein irratietan alderdi politikoen iritziak jasoko dira, lehen egun horretan egin eta aireratu diren inkesten emaitzen inguruan, eta baita hauteskundeen emaitza zehatzei buruz ere, horiek ezagutzen joan ahala. Zuzeneko harreman bideak finkatuko dira alderdi politiko nagusien egoitzekin eta datuak biltzeko zentro nagusiarekin.

EiTB iritzi-galdeketa baten diseinua lantzen ari da FORTArekin. Ikerketa honek hauteskunde deialdi bakoitzean izan diren emaitzen aurrerapena eta hurbilpena egin nahiko luke, eta arratsaldeko 20:00etan aireratuko dituzte horren emaitzak.

eitb.eus

Webgune berezia du dagoeneko eitb.eus-ek, albisteen jarraipen estua eginez. Egunero, albisteak, bideoak eta EiTB taldean egiten diren elkarrizketak ikusgai izango dira. Gainera, inkesten emaitzak, infografiak eta aurreko hauteskundeetako emaitzak jarriko dituzte eskura.

Sare sozialetan, Twitterren batez ere, politikoek zer dioten ere jasoko dute eta hauteskunde egunean programak zuzenean emango dituzte eta emaitza guztiak eskainiko dituzte jakiten diren bezain laster.

Horrez gain, mugikorretatik eta ordenagailuetatik hauteskunde kanpaineko bideo, audio eta elkarrizketak eskuragarri egongo dira. Alderdi bakoitzak bere tarte berezia izango du eta bertan euren bideoen kontsulta egin ahal izango da. Eztabaidak ere webgunearen bidez jarraitu ahal izango dira, eta ondoren Nahieran zerbitzuan eskuragarri egongo dira.

Amaitzeko, abenduaren 20an, jarraipen berezia egingo zaio hauteskunde gauari. Hauteskunde barruti eta herriz herriko emaitza guztiak eguneratuko dira uneoro. Ordenagailu eta bestelako gailuetatik mugikorretatik kontsultatu ahal izango dira.