Itxi

telebista

Binakako Txapelketa

Olaizola II-Urrutikoetxea / Artola-Albisu, arratsaldean, zuzenean

A.A.

EiTB

Eguerdian, Emakumeen Ligako Oiartzun-Athletic Club partida eskainiko da.

  • Artola eta Albisu

    Artola eta Albisu

Igandean, Urretxun jokatuko den Binakako Txapelketako Olaizola II-Urrutikoetxea eta Artola-Albisu bikoteen arteko partida eta Emakumeen Ligako Oiartzun-Athletic Club norgehiagoka izango dira kirol hitzordu nagusiak ETB1en eta eitb.eus-en.

Futbol partida 12:00etatik aurrera izango da ikusgai, 'Oreka' saioaren barruan. Naxari Altunak egingo du horren kontakizuna, Larraitz Lukas Realeko jokalari ohia lagun duela. Sara Gandarak, berriz, protagonistak elkarrizketatuko ditu.

Pilota emankizuna, ohi denez, 'ETB Kantxa' saioaren barruan jarraitu ahal izango da, 17:00etatik aurrera. Urretxuko Ederrena pilotalekuan, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak Artolaren eta Albisuren aurka neurtuko dituzte indarrak. Aurretik, baina, Aritz Lasa eta Urruzola arituko dira, Gorka eta Merino I.aren aurka. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango ditugu esatariak.

Herri kirolei dagokionez, bi lehiaketa eskainiko ditu ETB1ek. Lehenengoa, 11:00etan, Goma Gaineko Sokatira Txapelketako lauko finalak, emakumezkoena zein gizonezkoena. Bigarrena, 16:00etan, aizkolarien Banakako Kopako Ion eta Etxeberria IV.aren arteko finalerdia. Juanan Legorburuk eta Ibon Gaztañazpik (Joxe Etxebeste adituaren laguntzaz) egingo dute horien kontakizuna, hurrenez hurren.

Bestalde, ETB4k bezperan jokatutako Binakako Erremonte Txapelketako bi finalerdiak emango ditu: Zeberio II-Ion / Etxeberria IV-Barrenetxea IV, 12:00etan, eta Ezkurra-Endika / Urriza-Agirrezabala, 20:30ean. Iñigo Aiestaran izango dugu berriemaile, Manuel Arrizabalaga 'Matxin' lagun duela.