Itxi

telebista

San Sebastian eguna

Bandera jaitsiera zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en

A.H. | EITB

San Sebastian eguneko ekitaldi nagusiak zuzenean eman ditu EiTB taldeak.

Gaur egunean zehar, San Sebastian eguneko ekitaldi nagusiak eskainiko dituzte Euskal Telebistak eta eitb.eus-ek zuzenean.

Goizean, Donostiako haur danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izan dira protagonista nagusi. Alderdi Ederren bildutako haur guztiekin batera, Wroclawn ere Donostiako Martxa entzun eta jo dute; Donostiarekin Europako Kultur Hiriburutza partekatzen duen Poloniako hirian, hain zuzen ere.

Ospakizunei amaiera emateko, Donostiako alkateak, Eneko Goiak, bandera jaitsiko du gaueko hamabietan. Orduan, Konstituzio plazan bildutako Union Artesana elkarteko danborjoleek 'San Sebastian martxa' joko dute, azkenengoz, jaiari bukaera emateko. Easo abesbatzak, bere aldetik, ahotsa jarriko dio danborradari 2016 honetan. Imanol Artolak eta Maite Eskarmendik egingo dute horren kontakizuna, 23:25etik aurrera, ETB1en.

eitb.eus-en, streaming bidez

Danborradaren ekitaldi ezberdinen jarraipen berezia egingo du eitb.eus-ek ere. San Sebastian eguneko emanaldi guztiak streaming bidez zuzenean eskaintzeaz gain, danborradaren inguruko informazio guztia ikusgai izango da webguneak ekitaldien berri emateko prestatu duen atari berezian.