Itxi

telebista

Estreinaldia, 22:30ean

'A ver si no llueve' saioaren denboraldi berria, gaur gauean, ETB2n

A.H. | EITB

Euskaldunok oporrak non igarotzen ditugun eta aisialdirako ditugun ohitura dibertigarrienak ezagutuko ditu saioak.

Udarekin batera, 'A ver si no llueve' saioa ETB2ra itzuliko da ostegun gauetan. Lehenengo denboraldian, audientzia arrakasta handia lortu ondoren, euskaldunek oporrak igarotzeko aukeratzen dituzten tokietatik bidaiatzen jarraituko du 'A ver si no llueve' saioak. Besteak beste, Benidorm, Eivissa, Lanzarote, Kanaria Handia, Cadiz eta Katalunia bisitatuko ditu uda honetan, eta protagonisten testigantzen eskutik izango du toki hauen guztien berri. Gainera, mota ezberdinetako oporraldiak ezagutuko ditu. Kanpinetan, hoteletan, apartamentuetan edota aterpetxeetan igarotako oporrak erakutsi, eta bertan egindako planak eta bizitako hainbat istorio azalduko ditu.

Halaber, bertokoekin eta urtero euren oporraldia Euskal Herrian igarotzea aukeratzen duten atzerritarrekin ere izango dira. Gure lurraldean topa daitezkeen herri turistikoenetan izango dira, Zarautz, Bakio, Donostia, Hondarribia eta Hendaian adibidez, eta baita horren ezagunak ez diren tokietan ere, Espejo, Sara, Bastida eta Zugarramurdin, besteak beste.

'A ver si no llueve' saioak, gainera, euskaldunok kanpoan dugun irudia aztertu, eta kanpokoek gure tradizio eta ohituren inguruan dakitena azalduko du atal oso dibertigarrietan.

Nolakoak dira euskaldunon oporrak? Aisialdi garaian ere, gure betiko ohiturei eusten diegu? Transformatu egiten al gara Kantauri itsasoa utzi eta Mediterraneora joaten garenean? Eta gu bisitatzen gaituztenak, zer bilatzen dute gure lurraldean? Gure kulturan integratzen dira ala euren ohiturei eusten diete? Euskal uda badago ala mito bat besterik ez da?

'A ver si no llueve' galdera hauei eta beste hamaika konturi erantzuten saiatuko da. Horretarako, euskal familia bikote eta lagun-taldeen maletan sartuko da, euskaldunok udako oporrak non igarotzen ditugun jakiteko. Bazter eta inguru paregabeak ez ezik, euskaldunak turista bilakatzen direnean hartzen dituzten ohiturak eta garatzen duten nortasuna ere ezagutuko dituzte.

Lehen saioa, gaur gauean

Bigarren denboraldiko lehen atal honetan, euskal turismoaren leku esanguratsuenetariko batera bidaiatuko du 'A ver si no llueve' saioak: Benidormera,hain zuzen ere. Bertan, Pilar altsasuarra ezagutuko dute, eta hiriko tokirik euskaldunenak bisitatuko dituzte berarekin.

Maspalomasera joango dira ondoren, mundu osoko LGTB kolektiboarentzako oporraldiak igarotzeko toki aproposenera. Bertan, Antxon eta Xabi gipuzkoarrak ezagutuko dituzte. Hamar urte baino gehiago daramatzate elkarrekin, eta Kanaria Handiko herri honetako gaueko giroa ezagutuko dute bikotearekin.

Kanaria uharteetatik irten gabe, Lanzarotera bidaia egingo du 'A ver si  no llueve' saioak. Aitor kitesurf egitera joaten da sarritan Lanzarotera, bere lagun, Raul eta Jone, bertan bizi direla aprobetxatuz. Lehen mailako oporrak izaten ditu Aitorrek lagunen etxean, haizeaz eta olatuez gozatzen. Eskatu al daiteke gehiagorik?

Euskal Herrira bueltatuz, Bakiora joango da saioa. Urtero etortzen da Bea Madrildik Bizkaiko kostaldera udako oporrak igarotzera, eta bere familiaren baserriko ateak irekiko ditu eta bere kuadrilla euskalduna aurkeztuko du kameren aurrean.

Zugarramurdin amaituko da osteguneko saioa, gure lurraldeko punturik magikoenean. Eguzkiñe eta Moises izango dira anfitrioiak, eta Larrun mendira eramango dute 'A ver si no llueve'ko lantaldea. Euskal Herriko ertz guztiak ikusteko behatokia da mendia, hodeiek zerua estaltzen ez badute behintzat.

'A ver si no llueve' ostegun gauetan izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.