Itxi

telebista

Audientzia

281.000 ikus-entzulek bat egin zuten ETB2ko hauteskunde eztabaidarekin

A.H. | EITB

Audientziaren babesa izan zuen saioak, %11,3ko audientzia zatiarekin. Gainera, #debate25S traola bigarren kokatu zen Estatuan Trending Topic diren gaien zerrendan.

Ostegun gauean ETB2k eskainitako hauteskunde eztabaidak audientziaren babesa jaso zuen eta % 11,3ko audientzia zatia lortu zuen, Kantar Media neurketa sistemak emandako datuen arabera.

Audientzia metatuari dagokionez, 281.000 pertsonak bat egin zuten saioarekin EAEn eta eragin eremuan, eta, batez beste, 89.000 ikus-entzulek jarraitu zuten saioa bere osotasunean.

Sare sozialak hauteskunde eztabaidaren gaineko ikus-entzuleen interesaren adierazgarri izan ziren. Twitterren #debate25s traola erabilienetakoen artean kokatu zen Espainiako Estatuan: Trending Topic zerrendan bigarrena izan zen saioaren hasieratik.

Xabier Garcia Ramsdenek gidatuta, euskal alderdien hautagai nagusiak bildu zituen eztabaidak: Iñigo Urkullu (EAJ-PNV), Miren Larrion (EH Bildu), Idoia Mendia (PSE-EE), Alfonso Alonso (PP) eta Pili Zabala (Elkarrekin Podemos).

Osteguneko debateak asteartekoak lortutako datua berretsi du. ETB1eko debateak 100.000 ikus-entzule baino gehiago lortu zituen, eta azken 15 urteetan ikusle gehien izan duen hauteskunde eztabaida izan zen, euskaraz egin diren debateen datuak alderatuta.

Debatea zuzenean ikusi ahal izan da eitb.eus-en ere, eta bertako 'Nahieran' plataformaren bidez berriz ikusteko aukera dago (jatorrizkoa gaztelaniaz).

ETB2ko hauteskunde-eztabaida 'Nahieran' plataforman. (Jatorrizkoa gaztelaniaz).