EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

16:26

EAE-ko Hauteskundeak 2020

Kanpainako zazpigarren eguna

ETBko bigarren eztabaidak kanpainaren giroa berotu du

EITB.EUS

Urkulluk (EAJ), Larrionek (EH Bildu), Mendiak (PSE-EE), Alonsok (PP) eta Zabalak (Elkarrekin Podemos) parte hartu dute ETB2n eta eitb.eus-en ikusgai izan den debatean.

2:29
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kanpainaren baitan, ETBk bigarren hauteskunde eztabaida eskaini du bart, eta honako hauek aritu dira bertan: Iñigo Urkullu (EAJ), Miren Larrion (EH Bildu), Idoia Mendia (PSE-EE), Alfonso Alonso (PP) eta Pili Zabala (Elkarrekin Podemos).

Hainbat gai jorratu dituzte Xabier Garcia Ramsdenen gidaritzapean, bi ordu baino gehiago iraun duen saioan: ekonomia, alor soziala, herri eredua, bakea eta elkarbizitza. Balizko hitzarmenen inguruan ere hitz egin dute.

Debateak audientziaren babesa jaso zuen eta % 11,3ko audientzia zatia lortu zuen, eta 281.000 pertsonak bat egin zuten saioarekin.Twitterren #debate25s traola erabilienetakoen artean kokatu zen Espainiako Estatuan: Trending Topic zerrendan bigarrena izan zen saioaren hasieratik.

Debatea zuzenean ikusi ahal izan da eitb.eus-en ere, eta bertako 'Nahieran' plataformaren bidez berriz ikusteko aukera dago (jatorrizkoa gaztelaniaz).

ETB2ko hauteskunde-eztabaida 'Nahieran' plataforman. (Jatorrizkoa gaztelaniaz).

Ekonomia

Ekonomiaren alorrean, Urkulluk nabarmendu du EAJk konpromisoa duela 8.500 milioi euro bideratzeko enplegua eta enpresei laguntzak ematea oinarri duen plan batera, langabeziaren tasa % 10etik behera ezartzeko asmoz.

Alfonso Alonso PPko hautagaiak plazaratu du euskal ekonomiak Espainiakoak baino "lau edo bost aldiz lanpostu gutxiago sortu" duela, aurreko legegintzaldian Eusko Jaurlaritzak izandako "utzikeria" kritikatu du, eta hitzarmen fiskal bat proposatu du autonomoei eta enpresei laguntzeko.

Urkulluk erantzun dio euskal ekonomiaren hazkuntza Espainiako bataz bestekoaren antzekoa dela, eta industrian oinarritutako euskal eredua, eta ez zerbitzuen sektorean Espainian gertatzen den legez, "sendotasun gehiago sortzen duela ekonomiaren hazkuntzan".

Larrionek enplegu publikoa % 21 areagotzeko EH Bilduren proposamena nabarmendu du, 40.000 langile gehiagorekin, eta gaineratu du azken legegintzaldian faltan bota dutela "industria politiko aktibo bat".

Elkarrekin Podemos alderdiarentzat beharrezkoa da Lanbide Heziketa duala bultzatuko duen enplegu politika aktiboa, eta Zabala adierazi du faltan botatzen dutela Eusko Jaurlaritzako sail guztiek elkarrekin batera lan ez egitea ?enplegua lehentasuna izanik?.

Mendiak Euskadiko industria eta enplegua bultzatzeko itun handi bat aldarrikatu du; bere aburuz horretarako osagaiak "berrikuntza, hezkuntza, emakumea eta industria" gehiago dira.

Gizarte politikak

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) kudeaketari buruz aritzean eztabaidaren tentsioa areagotu da. Idoia Mendia hautagai sozialistak iruzurraren aurka egitea eskatu du, baita beste aukera batzuk aintzat hartzea ere, besteak beste, guraso bakarreko familiak eta krisia dela eta seme-alabak eta ilobak hartu behar izan dituzten pentsiodunak.

Pili Zabalak ere laguntza aldatzea eskatu du, haren beharrizana duten guztiek jaso dezaten kudeaketa "errazago eta gardenago batekin" eta Lanbidetik kanpo kokatuz. Bere aldetik, Miren Larrionek Patxi Lopez lehendakari zela Eusko jaurlaritzak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan egindako % 7ko murrizketa berriro itzultzeko eskaria egin du. Horrez gain,ostegunean bertan Gasteizen izandako etxegabetzea ere hizpide izan dute debatean, eta horri buruz Larrion eta Urkullu ez dira gertatutakoaren nondik norakoez bat etorri, eta kasuari buruzko datu gehiago plazaratu dituzte.

Alonsoren iritziz "eskandalu bat da" DSBEarekin gertatzen dena, "iruzurra eta gehiegikeriak" gertatzen baitira, eta sistema "bidegabea" delako. "Laguntzak bai, gehiegikeriak ez", esanez bukatu du.

Iritzi horien aurrean, Urkulluk argudiatu du Lanbidek urtero birritan gainbegiratzen dituela txosten guztiak eta iruzurra % 0,4koa dela, eta onartu egin du laguntza horrek "beste eredu bat" izan behar duela "prestakuntza eta lan bitartekotza" xede izanik.

Autogobernua eta herri eredua

Autogobernuari dagokionez, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko hautagaiek erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrerak dituztela errepikatu dituzte, eta horren aurka agertu dira PSE-EEko eta PPko ordezkariek.

Euskadiren errealitate nazionala onartuko duena eta alde biko harremana bermatuko duena. Horren aurrean, Larrionek subiranotasunaren bidea defendatu du, eta Urkulluri galde egin dio ea zer gertatuko den Madrilek ezezkoa ematen duenean.

EAJren hautagaiak erantzun dio esperantza duela "Kongresua beste era batera osatuta" gai horren inguruan eztabaidatu ahal izango dela.

Pili Zabalaren esanetan, euskal herritarrek "Espainian egon nahi duten ala ez" erabakitzeko eskubidea izan behar dute, baita gizarte gaiei buruz ere, eta "erabakitzeko eskubidea aldebiko eran eraman zuen" Kanadako eredua proposatu du Euskadirentzat.

Idoia Mendiak ziurtatu du sozialistak Euskadi pluralago bat eraikitzeko kontsentsu guztien egongo direla; Alfonso Alonsok, berriz, "euskal herritarra, espainiarra eta europarra" izateko eskubidea defendatu du, eta "Euskadiko Artur Mas" bihur ez dadila gomendatu dio Urkulluri.

Bakea eta elkarbizitza

Urkulluk eta Alonsok behin eta berriro eskatu diote Miren Larrioni bere alderdiak hausnarketa kritiko bat egin dezala "hiltzea gaizki egon" zenari buruz. "Horren zaila al da esatea", galdetu dio behin baino gehiagotan EAJko hautagaiak.

Larrionek erantzun duenez, "iraganeko gauza asko egon ziren gaizki eta ez zuten gertatu behar izan". EH Bilduk "indarkeria mota guztiak" arbuiatzen dituela gaineratu du, baina baieztapen horiek ez dituzte Urkullu eta Alonso. Azken honek honako hauxe adierazi du: "ETAren terrorismoa kondenatzea bezain erraza da".

Bestalde, Alfonso Alonso eta Pili Zabalak debateko beste tentsio-une bat protagonizatu dute. Osasun arloko ministro ohiak baieztatu duenaren arabera, Legea kontuan izanik Zabala ez da "terrorismoaren biktima", baizik eta "Estatuko funtzionarioen gehiegikeria baten biktima".

"Hortaz, zuk ez nauzu biktimatzat hartzen?", galdetu dio Zabalak, eta horren aurrean Alonsoren erantzuna hauxe izan da: "Lege hori nola idatzita dagoen kontuan hartuta, ez". "Zu Estatuko funtzionarioek egindako gehiegikeria, abusu baten biktima zara, erabat higuingarria eta salagarria dena", esan dio Elkarrekin Podemoseko hautagaiari, eta honek tinko begiratu dio eta isilik egon da hainbat segundoz.

Hitzarmenak eta gobernagarritasuna

Hitzarmenen arloan, Urkulluk "akordioaren kulturari eusteko asmoa" erakutsi du, bere aburuz Euskadiren "izaeraren ezaugarria" dena. Pili Zabalaren esanetan, bere alderdiak "guztiekin" hitz egiteko eta hitzartzeko jarrera du enpleguari, etxebizitzari, hezkuntzari eta osasunari buruz, "lerro gorri bakarra izanik: guztien eskubideak errespeta daitezela".

EH Bilduren iritziz, gobernagarritasunerako balizko hitzarmenen "ardatzak" honako hauek izan behar dute: bakea eta elkarbizitza, gizarte politikak eta subiranotasunaren bidean urratsak ematea.

Mendia prest azaldu da "herritarrei ziurtasunak bermatzen dizkien akordiotan egoteko", baina ez "independentziaren jolasean aritzeko" hitzarmenetan. Alonsok, bere aldetik, PPK "zubiak eraiki eta elkarrizketa bilatu" nahi duela esan du, baina nazionalismoaren aurkako aukera izanik, "euskal herritarrak bana ditzakeen abenturak saihesteko kontrapisu gisa".

Euskara

Eztabaidan zehar garraztasuna sortu duen beste gai bat euskararen profilak berrikusteko Mendiak planteatu duen proposamena izan da, "administrazio publikoan sartu ahal izateko berdintasuna eman dadila bermatzeko asmoz".

Puntu horretan, "orain kontu horrekin etortzea" aurpegiratu dio PSE-EEri Urkulluk, euskararen normalizazio plan guztietan parte hartu eta gero, eta eskatu du hizkuntza ez izatea gatazka arrazoi bat, baizik eta elkartzekoa. Zabala horrekin bat etorri da, eta gai hori eztabaida politikotik kanpo uztea eskatu du.

EH Bilduren hautagaiak sozialisten proposamena gaitzetsi du; izan ere, bere hitzetan, euskara ikasteko ahalegina egiten dutenen aurka doan "mespretxuzko jokabidea" da, baita "guztion ondasunaren aurkako erasoa" ere.

"Euskara bai, baina inposiziorik gabe", eta euskara ez dadila izan administrazio publikora sartzeko "oztopo bat, ezta eskakizun nagusiena ere", eskatu du Alfonso Alonsok.

Kanpainako kronika

Eztabaidari heldu aurretik, alderdi politikoek hamaika ekitaldi egin dituzte han eta hemen, hauteskunde kanpainako zazpigarren egun honetan.

EAJ

Iñigo Urkullu lehendakari eta Eusko Legebiltzarrerako EAJren Arabako zerrendaburuak EAJren proiektuan "konfiantza" izateko eskatu die gazteei, eta, aldi berean, 1.000 milioi euroko enplegu plana bultzatzeko konpromisoa hartu du.

Urkulluk azaldu duenez, egitasmo horrek gazteen enplegua bultzatzeko hainbat neurri zehatz biltzen ditu: "Lehen aukera" programa (gazteak lan-munduan sartzea errazteko, gazteei lehen lan-esperientzia emateko eta atzerrian dauden gazteak itzultzea bultzatzeko), bekak, formakuntza, kontratazioak, eta lana bultzatzeko eskualdeko eta herrietako enplegu planak (lanen % 30 gazteentzat izango dira).

Gasteizko Michelin lantegiaren kanpoaldean egindako ekitaldian, Urkullu gazteei mintzatu zaie, eta datozen lau urteetarako EAJren "konpromisoak" azaldu dizkie.

"Lehentasunak", Urkulluren esanetan, enplegu "gehiago eta hobea" izatea, langabezia % 10eko langatik behera jaistea eta 20.000 gazteri lan-munduan lehen esperientzia ematea bultzatzea dira.

Bestalde, Urkulluk adierazi du "enplegua eta suspertze ekonomikoa" txanpon beraren bi aldeak direla, eta 2020. urtera bitartean 8.500 milioi euro inbertitu nahi dituela iragarri du.

Andoni Ortuzar EAJren presidenteak salatu du jeltzaleak kritikatzen dituztenek "Madrileko lotsak ezkutatu" nahi dituztela, eta horregatik jartzen dutela martxan "haizagailua, Espainiako arazoak Euskadira iritsi daitezen".

Getxon egindako ekitaldi batean Ortuzarrek azaldu duenez, "agerikoa da Euskadi aurrera egiten ari dela", baina Rajoyren, Riveraren, Sanchezen eta Iglesiasen herrialdea, "ez".

Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiari zuzendu zaio gero, eta EAJk bereak ez diren "lorpenak bere egiten dituela" leporatu izana kritikatu du; izan ere, Ortuzarrek argitu du Euskadi "hobera irauli" duena ez dela EAJ, "hobekuntza guztion esfortzuari, lanari eta sakrifizioari esker" izan delako.

EAJren presidenteak, bestalde, Elkarrekin Podemosen Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errentaren proposamena gaitzetsi du, "herri guztia pobreziara eramatea" eragingo duela iritzita.

EH BILDU

EH Bilduk irailaren 17an Bilbon egingo duen hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusira joateko deialdia egin du gaur goizean. Jasone Agirre irailaren 25eko hauteskundeetarako EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburuak gaur adierazi duenez, larunbatean Miribillako pabiloian egingo duten ekitaldian EH Bildu "goranzko bidean" dagoela erakutsiko dute.

Agirreren esanetan, Miribilla azken egunetan egon diren herri guztietan ikusitako irribarreen eta ilusioaren topagune izatea nahi du EH Bilduk. "Ondo ari gara lanean, herrialde honentzako proiektu bat eta eskaintza bat daukagu; herri honek merezi duen etorkizuna irabazteko prest gaude", gaineratu du.

EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburuak salatu duenez, batzuk EH Bildu burua ateratzea eragozteko eta gutxiesteko "ahaleginetan" ari dira. Dena den, beren helburua ez dutela lortu eta "oso indartsu" daudela azpimarratu du. "EH Bilduren proiektuak herri honen babes zabala duela erakutsiko dugu larunbatean", gaineratu du.

Bestalde, Agirrek azpimarratu du EH Bilduk herriarekin eta herriarentzat gobernatu nahi duela: "Gure erreferentzia nagusia jendea da; gure helburua herri libre, justu eta duina eraikitzea da". "Hauteskunde hauek irabaztera irtengo gara, gobernu alternatiba bat ordezkatzen dugulako eta herri honetako oinarrizko erreferentzia politikoa garelako", zehaztu du.

Arratsaldean, Errenterian egindako ekitaldi batean, Arnaldo Otegi EH Bilduren bozeramaileak euskal autogobernuari buruzko "anbiguotasuna" alde batera uzteko exijitu die gainerako alderdiei, eta aukera egin dezatela: "Autonomia, monarkia borboiarekin, ala berdintasunezko euskal errepublika independentea".

Aipatu ez baditu ere, EAJri eta Elkarrekin Podemosi zuzendu zaie, "ez dezatela kea saldu" esanez; izan ere, Otegiren ustez, ez dago erdibiderik gaur egungo "autonomia monarkikoaren eta euskal errepublika independente justuagoaren artean".

Otegik uste du independentzia osoa behar dela, zeren "herri honek ez du bideragarritasunik Espainiako Estatuari lotuta", horrek "miseria eta inposaketa" besterik ez duelako eskaintzen.

PSE-EE

Idoia Mendia irailaren 25eko hauteskundeetarako PSE-EEren lehendakarigaiak ohartarazi du bere alderdiak "herrialde akordioak" nahi dituela eta sozialistak "gizartea zatitu nahi dutenenen aurrean" egongo direla.

Bilboko Moyua plazan egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian, PSE-EEk Eusko Jaurlaritzako sailburu izan direnak omendu ditu; besteak beste, Patxi Lopez lehendakari ohia izan da bertan. Mendiaren esanetan, sozialistek "herritarren mesederako" herrialde itunak defendatzen dituzte. "Akordioak nahi ditugu, bai", azpimarratu du, baina ezberdinak diren Euskadiko herritarren arteko elkarbizitza eta elkartasuna sendotzeko.

Patxi Lopezek autogobernuaren aldeko defentsa sutsua egin du bere hitzaldian, eta azpimarratu du sozialistek "uste osoz" defendatu dutela autogobernua, identitate askatasuna bermatzeko eta identitate ezberdinak dituzten hiritarrak proiektu batean batzeko modu bakarra delako, horren esanetan.

Cesar Luena PSOEren Antolakuntza idazkariak azpimarratu du "etorkizuneko lehendakariak, Idoia Mendiak, sozialisten betiko politikak" proposatzen dituela, eta harrituta agertu da "hauteskundeetan egon arren eta proposamenik ez" duelako entzuten.

Luenak esan duenez, EAJk "mundu ideala" du buruan bueltaka, eta "zerbitzu publikoen kudeaketa ona eta modernizazioa" dira, horren iritzian, gizarte bat "duin" egiten dutenak.

PP

Fatima Bañez (PP) jarduneko Espainiako Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroak azpimarratu duenez, Espainiak Euskadiren beharra du susperraldi ekonomikoa gidatzeko. Fatima Bañezek eta Alfonso Alonso PPko lehendakarigaiak Santurtziko CLH lantegia bisitatu dute.

Alfonso Alonsoren arabera, Espainian krisiarekin galdutako enpleguen erdiak berreskuratu diren bitartean, Euskadin heren bat baino ez dira berreskuratu. Ildo horretan, PPren lehentasuna egoera horri buelta ematea dela nabarmendu du.

Bestalde, Pablo Casado PPren Komunikazio idazkariordeak "gaizkile"tzat jo du Otegi, eta "terrorista gisa zigorra" betetzeak ez duela "errugabe bihurtzen? esan du.

Gainera, "ahorik ez zabaltzeko" eskatu dio, "ETAren historia hiltzailea gaitzetsi eta oraindik argitu gabe dauden hilketak argitzen lagundu arte".

Elkarrekin Podemos

Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak azaldu duenez, Kanadako Argitasun legearen parekoa nahi du Elkarrekin Podemosek Euskadirentzat.

Donostiako Aquariumen egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian, Pili Zabalak "Kanadako eredua" jarri du adibidetzat. Euskadirentzako "itun sozial berri bat" defendatu du, bide legalak eta herrien erabakitzeko eskubidea errespetatuko dituen akordio inklusiboa.

Iñigo Errejon Podemosen Politika idazkariak abertzaleen "aldebakarreko irteeren" aurrean "aldebiko irtenbidea" eskaini beharra dagoela esan du Bilbon egindako ekitaldi batean.

Errejonek Elkarrekin Podemosen hauteskunde ekitaldi batean parte hartu du Xavier Domenech En Comú Podem alderdiko kidearekin, Nagua Alba Podemos Euskadiren idazkari nagusiarekin eta Ezker Anitza-IU eta Equo alderdietako kideekin batera.

Errejonek berretsi du Podemosek "plurinazionaltasuna" eskaintzen duela, "Espainiako Estatuan dauden nazioen erabakitzeko eskubidea" aitortuta. Dena dela, jarrera hori ez omen da "marra gorria" akordio politikoetarako.

PACMA

 


 

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena