Itxi

telebista

22:15ean

Gerra Zibileko hobiak aztergai, gaur, 'El Lector de Huesos' saioan

A.H. | EITB

Dani Alvarezek Paco Etxeberria auzitegi medikua lagunduko du Nafarroako Gaztelu eta Otsaportillo leizeetan egindako ikerketetan.

  • El lector de Huesos, Dani Alvarez eta Paco Etxebarria

    El lector de Huesos, Dani Alvarez eta Paco Etxebarria

Lurpean dauden hezurrak aztertu eta Gerra Zibilaren garaian desagertu ziren pertsonen istorioei amaiera ematea izango da aste honetako 'El Lector de Huesos' saioaren helburua. Paco Etxeberria auzitegi medikua eta Dani Alvarez kazetaria Nafarroako Gaztelu eta Otsaportillo leizeetan sartuko dira, eta bertan aurkitutako hezur aztarnak aztertuko dituzte.

Gazteluko leizea

Paco Etxeberriak eta bere ikerketa taldeak Gazteluko leizean egindako lana amaitu berri dute. 50 metroko sakonera duen zulo batean, 1936an eraildako emakume baten eta bere sei seme-alaben gorpuzkiak topatu zituzten. Hasiera batean, familia honen istorioa kondaira bat zela uste zuten, baina laster topatu zituzten benetan gertatutakoaren probak.

Hilik ala bizirik al zeuden zulora bota zituztenean? Bertatik bizirik atera zitezkeen? Paco Etxeberriak galdera hauen erantzunak emango ditu eta aurkitutako hezurrak aztertuko ditu Dani Alvarezen laguntzarekin.

Otsaportillo leizea

Urbasako mendietako leize sinboliko honetan, 1936an eraildako hainbat pertsonen gorpuak bota zituzten. Dani Alvarez, Paco Etxeberriaren taldeko kide bat izango balitz bezala, zuloaren barnealdera jaitsiko da eta bertan egingo dituzten lanen lekuko izango da.

Horrez gainera, hildako senitartekoen testigantza hunkigarriak bilduko dituzte, haien inguruko oroitzapen tristeak gogora ekarriz. Dani Alvarez kazetariak ere Gerra Zibilak bere familian utzitako zauriak azalduko ditu.

Bestalde, auzitegi entomologo batekin puparioak aztertuko dituzte, hau da, gorpuzkiekin batera aurkitutako larben hondarrak. Hondar horiek gertakarien data finkatzeko informazio baliotsua emango dute. Bestalde, Paco Etxeberriak tiro zelai batean erakutsiko du garezurretan balek duten ibilbide eta inpaktua.

Genetista baten laguntzarekin, hezurren DNA aterako dute eta Otsaportilloko biktimen familia-kideen DNAarekin alderatuko dute, identifikazio bat lortzeko.

80 urte ondoren, euren historiako pasarte ilun bat ixteko aukera izango dute familia askok, Paco Etxeberriak eta bere lantaldeak egindako lanari esker.

'El Lector de Huesos' gaur eskainiko du ETB2k, 22:15etik aurrera.