telebista
Kirolak zuzenean
Abel Barriolaren agurra, gaur, Donostiatik zuzenean, ETB1en
A.A. | EiTB
Leitzarrak jokatuko duen profesionaletako azken partidaz gain, txirrindularitza, eskubaloia, futbola eta aizkolariak izango ditugu ETBn eta eitb.eus-en.
ETB1ek eta eitb.eus-en zuzenean eskainiko dute Abel Barriolaren agurra igande honetan. Leitzarra zuriz jantziko da azkenekoz Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Altuna III.a bikotekide duela, Ezkurdia eta Merino II.aren aurka neurtuko ditu indarrak.
17:20an inguruan bat egingo dute jaialdiarekin, Giroko 3. etapa amaitu ostean. Bertan, beste bi partida ere jokatuko dira: J. Retegi-Martija / Jaka-Tolosa eta Dario-Merino I / Ugalde-Irusta. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute kontakizuna.
Italiako Giroaren emankizuna 13:30ean hasiko da. 3garren etapa izango da jokoan igande honetan, Tortoli eta Cagliari artean. Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Alfontso Arroio izango ditugu berriemaile.
Goizean, 12:00etan, zuzeneko beste bi emanaldi izango ditugu: batetik, eskubaloiko Euskal Kopako finala, Bidasoa Irun-Amenabar Zarautz, ETB4n eta eitb.eus-en ikusgai izango dena; bestetik, Emakumeen Futbol Ligako Oiartzun-Real Sociedad norgehiagoka, ETB1en eta eitb.eus-en. Esatariak hauek izango dira: lehenengoan, Iñigo Aiestaran eta Martin Larrañaga; bigarrenean, Naxari Altuna, Larraitz Lukas eta Xabier Ormazabal.
Igandeko kirol eskaintza osatzeko, 11:00etan (ETB1 eta eitb.eus), bezperan Getarian jokatutako aizkolarien banakako Eusko Label sariko jardunaldiaren berri emango dute Ibon Gaztañazpik eta Joxe Etxebestek; 11:40ean (ETB4 eta eitb.eus), hilaren 1ean jokatutako Legazpiko Santikuntz Klasikoaren laburpena egingo du Fermin Aramendik.