Itxi

telebista

22:15ean

Carrero Blancoren hilketari buruzko telesaila, osorik, gaur gauean ETB2n

eitb.eus

Erredakzioa

Miguel Bardemek zuzendu zuen 'El asesinato de Carrero Blanco' telebistarako filma, eta Jose Angel Egido, Unax Ugalde eta Anartz Zuazua dira, besteak beste, protagonista nagusiak.

Euskal Telebistaren bigarren kateak El asesinato de Carrero Blanco telesail laburra eskainiko du gaur, maiatzak 6, 22:15etik aurrera. Miguel Bardemek zuzendutako lanak thriller politiko dramatizatu itxura du. Atentatuaren inguruko xehetasun guztiak berritu eta osatzen saiatu ziren: Madrilen ETAko kideen jarduna; garai hartako Estatuko seguritate indarren lotura falta eta atentatua zapuztu ahal izan zuten polizien ikerketak. Halaber, Espainiako historian giltzarri izan zen ekintza hau iluntzen duten datu asko ere bildu dituzte.

Bocaboca ekoiztetxeak orain arte ezagutu ez den bertsioa erakutsi nahi izan du, ETAk atentatuan bakarrik ez zuela parte hartu argitu nahi du, alegia. Miguel Bardemen esanetan, dagoeneko argitaratuta dauden hainbat saiakeretan ere ideia hori defendatzen dute. El asesinato de Carrero Blanco ez dabil eztabaidaren bila, egiaren bila baizik. Benetan gertatutakoa kontatu nahi dugu. "Gure azalpena oso serioa da -adierazi du Bardemek-. Bidea irekitzen ari gara, ekintza historiko baten ikuspuntua dela-eta; historia berrikusten ari gara". Telesaila egiteko dokumentazio lan handia egin da. Ikerkuntzako kazetaritza eta hemeroteka lan handia, halaber. Urrian hasi zen filmazioa. Donibane Lohitzune, Ziburu, Irun eta Madrilen girotu dute orain dela 37 urte jazotako magnizidioa.

Kontaketaren puntu garrantzitsuena, bonba leherrarazteko ETAkideek emandako urratsak dira. Carrero Blanco eta ETAkideen pertsonaiak dira, beraz, protagonista.

1973ko abendua da. Francok 81 urte bete berri ditu. Bolo-bolo dabiltza bere ondorengotzari buruzko zurrumurruak frankismoaren estamentu guztietan. Ekainean Carrero Blanco almirantea Gobernu presidente izendatu eta erregimenaren gizon nabarmenena bilakatzeaz gain, diktadorea hiltzen denean postuan jarraitzeko hautagai nagusi bilakatu da. 1973ko abenduaren 20an Carrero elizatik irten eta Dodge markako auto ofizialean sartzen da bulegorantz. Claudio Coello kaleko 104 zenbakiaren ondotik pasatzerakoan, ETAk autoa lehertarazi eta honek eraikinaren gainetik jauzi egin eta bertan eroriko da.

70 aktoretik gora

Jose Angel Egidok almirantearen papera hezurmamitu du. Unax Ugaldek, berriz, Arriaga ETAkidearen papera egiten du, ekintzaren burua da. Atentatua mendekatu nahi zuen militar talde batek 1978an hil zuen Arriaga. Pedro Casablanc da Sanchez komisarioa. Anartz Zuazua izango da, berriz, Goyen, eta Jose Luis Torrijo Santoja jenerala. Carlos Garcia de Ollana aktorea Lopez Bravo ministroarena egiteko aukeratu dute.