telebista
Kirolak zuzenean
Giroko 9. etapa eta Irribarria-Rezusta finalerdia, gaur, EiTBn
A.A. | EiTB
Gasteizko Martin Fiz Maratoiak, Arenas-Leioa futbol partidak eta aizkolarien Buruz Buruko Eusko Label sariak osatuko dute gaurko kirol eskaintza ETBn eta eitb.eus-en.
Kirol eskaintza betea dakarte ETBk eta eitb.eus-ek igande honetarako.
Zuzeneko emanaldien artean, Italiako Giroa dugu lehen hitzordu garrantzitsua. 13:05etik aurrera, Montenero di Bisaccia eta Blockhaus artean jokatuko den 9. etaparen kontakizuna egingo dute Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Alfontso Arroiok ETB1en eta eitb.eus-en (14:00-15:00 bitartean, ETB4n).
Bigarrenak Eibarko Astelena pilotalekura eramango gaitu, bertan jokatuko baita Buruz Buruko Txapelketako bigarren finalerdia Iker Irribarriaren eta Beñat Rezustaren artean. 17:20an egingo dute bat jaialdiko lehen partidarekin, J. Retegi-Tolosa / Jaka-Jaunarena, eta Dario-Irusta / Ugalde-Merino I norgehiagokak emango dio amaiera. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak gidatuko dute emanaldia.
Goizean, 11:00etan, bezperan Orozkon jokatutako aizkolarien Buruz Buruko Eusko Label sariko jardunaldia izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en Ibon Gaztañazpiren eta Joxe Etxebesteren kontakizunarekin.
12:00etan, 'Oreka' saioaren barruan, Gasteizen jokatuko den Martin Fiz Maratoiaren berri emango du Xabier Ormazabalek.
Azkenik, Bigarren B Mailako azken jardunaldiko Arenas-Leioa norgehiagoka ikusteko aukera izango dugu 18:00etan ETB4n eta eitb.eus-en. Naxari Altunak gidatuko du emanaldia Juanan Larrañaga eta Xabier Ormazabal lagun dituela.