telebista
Kirolak zuzenean
Irribarria-Bengoetxea VI Buruz Buruko finala, gaur, EiTBen
A.A. | EiTB
Giroko azken etapa ere zuzenean emango da, Monza eta Milan arteko erlojupekoa.
ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute Buruz Buruko Txapelketako finala eta Italiako Giroko azken etapa gaur.
Txirrindularitza emankizuna 13:20an hasiko da ETB1en eta eitb.eus-en (14:00ak eta 15:00ak bitartean, ETB4n), eta Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Alfontso Arroiok gidatuko dute. Azken jardunaldian, 28 kilometroko erlojupekoa osatu beharko dute lasterkariek Monza eta Milan artean.
Giroak pilotari pasatuko dio lekukoa. Bizkaia pilotalekuan Iker Irribarriak eta Oinatz Bengoetxeak jokatuko duten Buruz Buruko finalaz gozatzeko aukera izango dugu. Partida nagusiaren aurretik, Urrutikoetxea-Albisu eta Altuna III-Rezusta bikoteak izango dira nor baino nor gehiago, eta Arretxe II-Salaverri eta Dario-Merino arituko dira ondoren.
Finalaren emanaldia egiteko lantalde zabala eramango du ETBk Bilboko pilotalekura. Fernando Lopetegi izango da errealizazio taldearen burua, eta Xabier Euzkitzek izango du kontakizunaren ardura, Joxan Tolosa, Elena Azpeitia eta Xabier Andueza lagun dituela.
Igandean, aizkolarien Eusko Label saria (11:00, ETB1 eta eitb.eus), Zaramagako Torneoko finala (12:00, ETB4 eta eitb.eus) eta Euskadiko Fitness Txapelketa (12:00, ETB1 eta eitb.eus) ere izango dira ikusgai, kirol eskaintza osatzeko.