Itxi

telebista

22:30ean

Alcasserko krimenak aztergai, gaur, 'El Lector de Huesos' saioan

EITB

Paco Etxeberriak eta Dani Alvarezek Alcasserko hiru nerabeen hilketaren nondik norakoak aztertuko dituzte, eta, ezustean, Etxeberriak hagin bat topatuko du neskak lurperatu zituzten hobiaren ondoan.

Gaur gaueko 'El Lector de Huesos' saioan, La Romana aldera egingo dute Paco Etxeberriak eta Dani Alvarez, Miriam, Toñi eta Desiré nesken hilketa basatiaren nondik norakoak ikertzeko asmoz. 25 urteren ostean, Alcasserko hiru nerabeen auzia eztabaidagai da oraindik ere.

Saioa grabatzen ari zirela, Paco Etxeberriak hagin bat topatu zuen neskak lurperatu zituzten hobiaren ondoan, ezustean. Aurkikuntza honek krimenaren ikerketan eraginik izan ote du? Denen ustez, akats handiak egin ziren hilketaren inguruan. Ikerketa oztopatu al zuten?

Pacok eta Danik bertan gertatutakoa gogoratuko dute, Jero Beroix polizia inspektorearen laguntzarekin; Alcasserreko nerabeen azken orduak nolakoak izan ziren azalduko dute, eta ikerketan sortu ziren zalantza guztiak argitzen ahaleginduko dira. Danik, gainera, Virgilio Latorre akusazioaren abokatua elkarrizketatuko du, kasuaren datu guztiak ezagutzeko asmoarekin.

Behar baino lehenago altxatu zituzten gorpuak? Zergatik egin zitzaizkien bi autopsia nerabeen gorpuei? Pacok auzitegi medikuen jarduera errepasatuko du Danirekin, eta autopsien txostenak arakatuko ditu. Krimen basatiaren inguruko hainbat zurrumurru eta kondaira sortu ziren autopsiaren datuak jakin zirenean, besteak beste, erritu satanikoen biktima izan zirela, eta eragin handiko pertsonaien inplikazioa egon zela. Paco Etxeberriak zientziaren eta kriminologiaren ikuspuntutik aztertuko du gertatutakoa.

Justiziaren arabera, Antonio Angles eta Miguel Ricart, ohiko bi delitugile, izan ziren hilketa hirukoitzaren egileak. Nola izan ziren krimen basati hori egiteko gai? Cesar San Juan psikologia kriminalean adituak hiltzaileen nortasuna ulertzeko gakoak emango dizkio Dani Alvarezi. Anglesek atxilotu aurretik ihes egin zuen, eta nahiz eta Poliziak ito egin zela uste duen, oraindik ere bere fitxa irekita du Interpolek.

Alcasserko krimenak aztergai, gaur 'El Lector de Huesos' saioan, 22:30etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB2n.