Itxi

telebista

Gasteizko jaiak 2017

Andre Maria Zuriaren jaien jarraipena, EiTBn

EITB

Hasteko, Zeledonen jaitsiera zuzenean jarraitu ahal izango dugu ETB2n, eitb.eus-en, Radio Euskadi-Radio Vitorian eta Euskadi Irratian.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiek tarte zabala izango dute Euskal Irrati Telebistan. Ostiral arratsaldean, Zeledonen jaitsieraren zuzeneko emanaldia izango da abiapuntua -ETB2n, eitb.eus-en, Radio Euskadi-Radio Vitorian eta Euskadi Irratian jarraitu ahal izango duguna-, eta jaiei amaiera emango dien Zeledonen igoera ere zuzenean izango da ikusgai ETB1en eta entzungai Radio Vitorian asteazken gauean. Hain zuzen ere, arabar eta gasteiztar guztiek jaien inguruko berri guztiak jasoko dituzte egunero Radio Vitoriaren bitartez, irratsaio bereziak egingo baititu Andre Maria Zuriaren plazatik bertatik.

Ostiral honetan hasi eta asteazkenera bitartean, Arabako hiriburuan bizi den festa giroaren jarraipena egingo dute 'Gasteizko Jaiak 2017' saio bereziek eta eitb.eus webguneak. 'Gasteiz Kantuan' ikuskizunak, Algara dantza taldearen ikurrinaren omenaldiak, Gasteizko txistularien kontzertuak eta Andre Maria Zuriaren pilota txapelketako partidek osatuko dute eskaintza.

Zeledonen jaitsiera, zuzenean ETB2n

Ohi denez, Zeledon San Migel elizako kanpandorretik jaitsi eta Andre Maria Zuriaren plaza zeharkatzen duenean hasiko dira Gasteizko jaiak. ETB2k zuzenean eskainiko du ekitaldia ostiralean, 17:30etik aurrera, Pilar Ruiz de Larrea eta Unai Ugarte kazetarien kontakizunarekin. Iñaki Elorzak eta Maite Eskarmendik kaleko giroaren berri emango dute, bertaratutako herritarrekin eta gonbidatu bereziekin hitz eginez. Emanaldian zehar jaiei buruzko zenbait erreportaje eskainiko dira.

'Gasteizko Jaiak 2017' saio bereziak, ETB1en

Ilaski Serranok aurkeztuta, ostiral eta larunbat gauean eskainiko ditu ETB1ek 'Gasteizko Jaiak 2017' saio bereziak. Ostiraleko saioak Zeledonen jaitsierak utzi dituen unerik onenak errepasatuko ditu, eta San Migel elizako balkoitik plazako giro guztia eta irudirik ikusgarrienak erakutsiko ditu.

Ondoren, 'Gasteiz Kantuan' kontzertua aurkeztuko du Ilaski Serranok. Bertan, betiko euskal kantu tradizionalak kantatuko dituzte Euskal Herriko hainbat kantari famatuk, besteak beste, Mikel Urdangarin, Gorka Knörr, Xabier Euzkitze, Maria Amolategi, Jaione Olazabal eta Laura Latienda ezagunek. 'Lau teilatu', 'Xalbadorren heriotza', 'Itsasontzi baten' eta beste hainbat abesti ezagun izango dira entzungai. Gainera, Bankako Menditarrak abesbatzak, Olabide Ikastolako kideek, Gasteizko Algara Dantza Taldeak eta Gasteizko Erraldoiek hartuko dute parte ikuskizunean.

Larunbatean, Gasteizko jaien egun handia ospatuko dute: Andre Maria Zuriaren eguna. Ilaski Serranok egunak eman duen onenaren berri emango du egunero ETB1en, 21:00etatik aurrera, 'Gasteizko Jaiak 2017' saio berezian.

Goizean blusek eta neskek Andre Maria Zuriari egin dioten lore eskaintza nolakoa izan den ikusiko dugu, eta egun horretan izan ohi diren euskal dantza eta kantuei erreparatuko die ondoren. Egunak utzitako irudi onenak eskaintzeaz gain, Ilaski Serranok 'Gasteizko zortzikoa' nola dantzatu duten erakutsiko du, eta urtero Plaza Berrian ikurrina omentzeko egiten duten ekitaldia eskainiko du.

Algara dantza taldearen eskutik, hainbat euskal dantza ikusiko dira, txistu, txirula, trikiti eta gaiten doinuekin. Guztira, 150 dantzaritik gora bilduko da Plaza Berrian, eta denen artean omenduko dute ikurrina. Egun honetako ekitaldirik jendetsuena izaten da ikurrinaren omenaldia, eta ETBk osorik eskainiko du.

Andre Maria Zuriaren jaietako pilota torneoa

Larunbat gauean, igande arratsaldean eta astearte gauean, pilota emankizunak egingo ditu ETB1ek Gasteizko Ogueta pilotalekutik. Olaizola II-Larunbe eta Urrutikoetxea-Albisu bikoteen arteko finalerdia izango da ikusgai larunbatean, eta Ezkurdia-Rezusta eta Altuna III-Merino II bikoteen artekoa, igandean. Astearte gauean jokatuko dute bikote irabazleek torneoko finala. Astelehenean, baina, Buruz Buruko finalaren errebantxa jokatuko da, Bengoetxea VI.a Irribarriaren aurka arituko baita.

Gasteizko txistularien kontzertua eta Zeledonen igoera, asteazkenean

Asteazkenean, abuztuak 9, 22:15ean, Gasteizko txistularien kontzertua eskainiko du ETB1ek. Abuztuaren 5ean, Aihotz plazan egingo den musika eta dantza emanaldian, Txistulari Elkarteko txistulariek beste lurraldeetako musika tresna folklorikoekin batera joko dute. Besteak beste, Asturiasko eta Galiziako gaitak, gitarra flamenkoa eta Zamorako txistu sayaguesa entzuteko aukera izango dugu. Folklore Udal Akademiak antolatutako ekitaldiak, gainera, Gasteizko Erraldoien Konpartsako erraldoien partaidetza izango du, konpartsaren ehungarren urteurrenean.

Jarraian, 00:30 aldera, Zeledonen igoera eskainiko du ETB1ek zuzenean, Ilaski Serrano eta Unai Ugarteren eskutik.

Emanaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira eitb.eus-en. Albiste, argazki, bideo eta egitarau osoa kontsultatzeko aukera dago bertan.

Gasteizeko jaiak EiTBko irratietan

Urtero bezala, jarraipen berezia egingo du Radio Vitoriak. Egunero, Andre Maria Zuriaren plazatik zuzenean arituko dira lankideak jaiaren azken ordua etxe guztietara helarazteko.

Ostiralean, 17:00etatik hasita, saio berezia izango da Zeledonen jaitsiera zuzenean emateko. 22:00ak bitartean arituko dira, zer gertatzen den kontatuz, eta jaiaren protagonista guztiak elkarrizketatuz.

Larunbatean, festen egun handian, goizeko 6:30ean hasita, Arrosarioaren Egunsentiko Prozesioaren eta ondorengo mezaren kontakizuna egingo dute. Goizeko 09:00etan dianak entzun ahalko dira. Ondoren, astebururo bezala, Radio Euskadi eta Radio Vitoriarako emanaldi bateratua duen 'Por la Sombra' magazina izango da, Andre Maria Zuriaren plazatik bertatik. Igandean, Gema Espinosak gidatutako saioak tarte berezia eskainiko die Gasteizko jaiei. Asteburuan, arratsaldez, saio berezi bat izango da, Joseba Fiestrasen eskutik, 17:00etatik 20:00etara Radio Vitoriak Gasteizko erdigunean izango duen estudiotik.

Gainerakoan, hilaren 9ra arte, festak irauten duen egun guztietan, saio berezi bat izango da kaletik bertatik zuzenean, 12:00etatik 14:00etara, Rosa Perez de Mendibilek gidatuta.

Jaiei amaiera behar bezala emateko, hilaren 9an, gauerdian, Zeledonen igoeraren kontakizuna egingo du Joseba Fiestrasek gidatutako lantaldeak.

Aipatzekoa da, bestalde, Radio Vitoriak parte hartu duela, urtero bezala, su artifizialen lehiaketaren antolaketan, eta blusa eta neska elkarteek antolatutako hainbat ekitalditan: fototxiki, Zoroaken Mario Kart zirkuitoan, Haurren eguneko gynkanan eta Bereziak taldearen sukalde lehiaketan, besteak beste.

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere zuzenean emango dute Zeledonen jaitsiera. Radio Euskadik Radio Vitoriarekin bat eginez, eta Euskadi Irratiak Iñaki Elorzaren eta Ana Iruretagoienaren kontakizunarekin. Biek ala biek, albistegietan tarte berezia egingo diete Gasteizko jaiei.