Itxi

telebista

Donostiako Aste Nagusia 2017

'Artillero'k Donostiako jaiei hasiera emango die, ETB2n eta eitb.eus-en

EITB

ETB1ek su artifizialen Donostiako Nazioarteko 54. lehiaketa eskainiko du, Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok aurkeztuko duten gaueroko saio berezian.

Donostiako Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo dute Euskal Telebistak eta eitb.eus-ek abuztuaren 12tik 19ra bitartean. Urtero legez, ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute jaiei hasiera emango dien Artillero ekitaldia.

Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok aurkeztuko duten 'Donostiako Aste Nagusia 2017' saio bereziak, bere aldetik, su festa eskainiko du gauero zuzenean, eta jaietako protagonista ezberdinak izango ditu gonbidatu. Aurten, gainera, Donostiako piraten abordaiaren zuzeneko emanaldia izango da ikusgai, astelehenean, abuztuaren 14an.

Bestalde, hiru emanaldi berezi eskainiko ditu ETB1ek astean zehar: Gero Axular dantza taldearen Agorrila ikuskizuna asteazken gauean, 'Oskarbi 50 urte' talde mitikoaren kontzertu berezia ostegunean, eta Konstituzio plazan eskainiko den Donostiako Txistulari Kontzertu Nagusia, larunbatean, abuztuaren 19an.

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere zuzenean bat egingo dute jaien hasierako kanoikadarekin, eta gertutik jarraituko dituzte Aste Nagusiaren nondik norakoak albistegi eta programa ezberdinetan. Horrez gain, Gipuzkoako hiriburuko jaien eduki guztiak eitb.eus-eko atari berezian izango dira ikusgai.

'Artillero 2017'

ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute Donostiako Aste Nagusiaren hasierako ekitaldia Aunitz Alberdi eta Juan Terolen kontakizunarekin, larunbatean, 18:00etatik aurrera. Maite Eskarmendik eta Luisma Laboak, gainera, Alderdi Ederren bizi den giroaren berri emango dute, eta ekitaldiaren protagonistak eta bertara hurbilduko diren herritarrak elkarrizketatuko dituzte.

Horien artean, Eneko Goia Donostiako alkatea; La Oreja de Van Gogh taldeko kideak; Silvia Marsó, Aitziber Garmendia, Ane Gabarain eta Maria Luisa Merlo aktoreak; Luis Mokoroa artillero nagusia; Cristina Cornejo eta Claudia Zornoza Realeko jokalariak; Eider Beobide, Donostiako piraten ordezkari moduan, eta Antxon Gisasola eta Maria Lesaka Erraldoi eta Buruhandien konpartsako arduradunak izango dituzte gonbidatu, besteak beste.

Gauero, su artifizialak

Larunbatean hasi eta hurrengo larunbatera bitartean, gauero, 22:00etan, 'Donostiako Aste Nagusia 2017' saio berezia gidatuko dute Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok Kontxako Pasealekutik zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en. Su Artifizialen 54. Nazioarteko lehiaketa zuzenean eskainiko dute, eta horrekin batera, Aste Nagusian protagonista diren gonbidatuak izango dituzte elkarrizketatzeko.

Horrez gain, Unai Etxabek hondartzatik zuzeneko konexioak egingo ditu, bertatik su artifizialak ikusten dituzten pertsonekin hitz egiteko. Joseba Olagaraik, bere aldetik, Aste Nagusiko irudi on eta dibertigarrienak ekarriko ditu erreportaje ezberdinetan.

Larunbateko saioan, Eneko Goia Donostiako alkatea, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II harri-jasotzailea eta Aitziber Garmendia aktorea izango dituzte gonbidatu.

Unai Etxabek su artifizialetarako segurtasun eremua eta segurtasun neurrien inguruko erreportajea ekarriko du eta hondartzan izozkiak banatuko ditu. Joseba Olagaraik, berriz, Piratek Aste Nagusiari hasiera nola ematen dioten erakutsiko du.

Larunbat gaueko suak Granadatik etorriko dira. Maria Angustias S.L. suetxekoak izango dira.

'Abordatzera 2017'

Aurten, gainera, Donostiako piraten abordaiaren zuzeneko emanaldia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, astelehenean, abuztuaren 14ean, 16:00etatik aurrera. Xabier Sukiak egingo du emanaldiaren kontakizuna eta Nerea Alias eta Luisma Laboa portuan izango dira, bertan bizi den giroa bildu eta protagonistak elkarrizketatzeko.

eitb.eus

Donostiako Aste Nagusiko albiste, argazki, bideo eta egitarau osoa kontsultatzeko aukera egongo da EiTBko webgune berezian. Bertan bilduko dira 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan, eta jaien inguruko saio berezietan eskainitako diren erreportaje guztiak.