telebista
20:00etan
'A Bocados' saioa estreinatuko du gaur ETB2k
A.E.| EiTB
Ander Gonzalez sukaldariak eta Gabriela Uriarte dietistak jaki goxo eta osasuntsuak prestatzen erakutsiko dizkiete ikus-entzuleei astelehenetik ostiralera, 20:00etan.
-
Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarte
Gaur, ETB2k 'A Bocados' arratsaldeetako saioa estreinatuko du. Jaki osasuntsu eta goxoak prestatzen erakustea da saioaren asmoa. Ander Gonzalez sukaldaria eta Gabriela Uriarte dietista errezeta guztietan oreka bilatzen saiatuko dira, baina egoera dibertigarriak sortuko dira euren artean, bakoitzak berea defendatu nahi duelako.
'A Bocados', Dygital ekoiztetxeak eta Euskal Telebistak ekoiztutako saioa, ez da ohiko errezeta tarte soila. Umorea, trikimailuak, gezurtatzeak, aholkuak eta erronkak ere izango ditu osagai. Anderrek bere errezeta erakargarriak azaltzen dituen bitartean, Gabik osasuntsu jaten erakutsiko digu, eta bere baliabide guztiak erabiliko ditu horretarako. Anderri erronka eta dastatze harrigarriak eginaraziko dizkio, egunero jaten dugunaz jabetu gaitezen.
Horrez gain, saioaren bidez, ekoizle, abeltzain, fruta-saltzaile, gozogile, nekazari eta arrantzaleen istorio berezi eta sekretuak haien ahotik zuzenean ezagutzeko aukera emango dute.
Gabik sukaldean ibiltzen ikasi eta Anderrek elikaduraren inguruko gakoak deskubritu ahala, ikus-entzuleek bien jakintzaz gozatu ahalko dute. Tonu didaktiko eta dibertigarrian, garaiko errezetak sortuko dituzte etxeko guztientzat.
Ander Gonzalezek Astelena jatetxeko sukaldari lana eta Basque Culinary Centerreko irakasle jarduna telebistako lanarekin uztartzen du. Asteburutan, 'Historias a Bocados' saioa aurkezten du ETB2n, gaueko 'Teleberri' albistegiaren aurretik. Atal bakoitzean, herri batera joango da bertako biztanleak ezagutzeko, sukaldearekin lotutako istorioak entzuteko eta produktu tipikoak dastatzeko.
Gabriela Uriarte, berriz, Nafarroako Unibertsitatean Giza Elikadura eta Dietetikan graduatua da. Bere kontsultan lan egiten du dietista eta nutrizionista gisa, eta elikadura gaietan coach modura ere jarduten du. Ez da lehengoz ari kamera aurrean; izan ere, aurretik ETB2ko 'Cuerpos de Élite' saioan aritu zen.
'A Bocados' saio berria 'Dale Una Vuelta' lehiaketaren ondotik eskainiko da astelehenetik ostiralera, 20:00etan, ETB2n.