telebista
Txirrindularitza
Itzulia Basque Country 2018, zuzenean, EiTBn
EITB
Egunero ETB1ek, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta eitb.eus-ek jardunaldiaren berri emango dute.
EiTBko hedabideek jarraipen berezia egingo diote gaur -apirilak 2- hasiko den Itzulia Basque Country 2018 lasterketari. Etapa bakoitzeko azken kilometroak zuzenean emango dituzte Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta eitb.eus-ek. Halaber, albistegi zerbitzuetan lasterketaren informazio osoa eskaintzeaz gainera, eitb.eus-en probaren inguruko albiste eta irudi guztiak topatuko ditugu.
Itzuliaren 58. edizioa apirilaren 2an hasiko da, Zarautzen, eta sei etapa izango ditu, horietako bat banakako erlojupekoren kontrako saioa. Ibilbideak, guztira, 805,9 kilometro eta 23 mendate ditu: 1. mailako lau, 2. mailako zazpi eta 3. mailako hamabi.
Etapak zehaztuta: 1go etapa, Zarautz- Zarautz (162,1 km); 2. etapa Zarautz- Bermeo (152,7 km); 3. etapa, Lodosa- Lodosa (19,4 kilometroko erlojupekoa); 5. etapa, Gasteiz- Eibar (164,7 km); eta 6. etapa Eibar- Arrate (122.2 km).
Guztira, 22 taldek parte hartuko dute eta parte hartuko duten txirrindulari aipagarrienak Vicenzo Nibali, Ion Izagirre, Nairo Quintana, Mikel Landa, Egan Arley Bernal eta Michal Kwiatkowski izango dira, besteak beste.
Euskal Telebista
ETB1ek arratsaldero egingo du bat lasterketarekin, zuzen-zuzenean, 15:00etan. Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Alfonso Arroio komentaristen kontakizunarekin.
Bestalde, eguerdiko 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan zuzeneko konexioak egingo dituzte lasterketaren inguruko azken berriak jasotzeko eta gaueko saioetan etaparen laburpena eta elkarrizketak eskainiko dituzte.
Euskadi Irratia
Euskadi Irratiak egunero saio berezia izango du 15:30etik hasita. Joxe Mari Apaolaza, Arritxu Iribar eta Jon Altunarekin batera, Txomin Perurena eta Mikel Astarloza adituak izango dituzte komentarista lanetan.
Radio Euskadi eta Radio Vitoria
Radio Euskadik eta Radio Vitoriak ere adi-adi jarraituko du Euskal Herriko Itzulia. Arratsaldero saio berezia egingo dute 16:00etatik aurrera. Alberto Negro buru duen esatari taldea Daniel Egañak, Cesar Perezek eta Joseba Belokik osatuko dute.
Gainera, 12:00etan, 'Kilometro Cero' saioan, konexio bereziak egingo dituzte etapa bakoitzaren aurretik. Berebat, egunero, etaparen laburpena eta protagonistekin elkarrizketak eskainiko dituzte.
eitb.eus
eitb.eus-en Itzulia zuzenean jarraitu ahal izango da. Gainera, txirrindularitzari eta Euskal Herriko Itzuliari propio eskainitako webgune berezia dute. Bertan, albisteak, argazkiak eta bideoak; lasterketaren historia; etapa bakoitzaren ibilbidea eta sailkapenak; txirrindulariei buruzko informazioa;... topa ditzakegu.