telebista
Euskal gastronomia
'Dinastiak' dokumentala, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB
Belaunaldiz belaunaldi gastronomiaz bizi izan diren familia euskaldunen lana eta tradizioa ezagutuko ditu saioak.
Euskal gastronomian, familia dinastia ezberdinak nabarmendu dira belaunaldiz belaunaldi. Horietako batzuek XVIII. mendean dute jatorria. ETB1ek asteazken honetan eskainiko duen Dinastiak dokumentalak Euskal Herrian barrena gastronomiaz bizi izan diren saga familiar ospetsuenak ezagutuko ditu. Besteak beste, Urdazubiko Etxelekuko artzainek egiten duten gazta bikaina ezagutuko dute, baita Txomin Etxanizek itsaso gainean dituen mahastiak ere.
Biriatun, bestalde, Kamino Berri sagardotegi ospetsua ezagutuko dute, Bidasoa ibaiaren bi aldeetara, urte luzez, familia batek aurrera atera duen jatetxea. Euskal dinastien gaineko ibilbidea Nabarnizko Aboitiz eta Zugarramurdiko Azketa jatetxeetan izango du jarraipena.
Dokumentalean, gainera, familiaren tradizioari heltzeko erabakia zer dela eta hartu zuten aztertuko dute. Besteak beste, Ana Mari Bengoetxea ezagutuko dute. Artzain baten alaba honek enpresa-ikasketak egin zituen eta banku batean aritu zen lanean. Halere, lana uztea erabaki zuen eta aitarekin ardiak jetzi eta gazta egiten hasi zen.
Familia horien istorioak azalduko ditu saioak, eta, horrez gain, txakolin eta gaztarik onenak dastatuko dituzte eta Gernikako babarrunak eta arkumea txilindron erara jango dute.
Dinastiak gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.