Itxi

telebista

Sanferminak

EiTB San Fermin jaiaren giroan murgilduko da

Txupinazotik abiatuta, EiTBko hedabide guztiek zuzenekoak eta tarte bereziak eskainiko dituzte.

Euskal Irrati Telebistak gaur hasi diren San Fermin jaiei arreta berezia eskainiko die. Txupinazoa zuzenean jarraitu ahal izan dugu jada EiTB Taldeko hedabideetan, eta astean zehar zuzeneko konexioak eta saio bereziak egingo dituzte Iruñetik bertatik. Bestalde, urtero legez, San Fermin pilota eta erremonte torneoak izango dira ikusgai ETBn eta eitb.eus-en.

Sanferminak, ETBn eta eitb.eus-en

Txupinazoak abiatu zituen San Fermin jaiak, uztailaren 6an, 12:00etan. ETB1ek eta eitb.eus-ek 11:15ean egin zuten bat Iruñeko Udaletxe plazarekin ekitaldia zuzenean eskaintzeko. Urtero bezala, Aritz Agirrek eta Ilaski Serranok egin zuten emanaldiaren kontakizuna; Aitor Perezek, berriz, elkarrizketak egin zituen udaletxean bertan, eta Maite Eskarmendik kaleko giroaren berri eman zuen.

Gainera, ETB1ek eta eitb.eus-ek San Fermin jaiak agurtuko dituen 'Gaixoa Ni' ekitaldia eskainiko dute zuzenean uztailaren 14an, 23:30ean. Aitor Perez eta Garazi Ayesta izango dira esatariak.

Horrez gain, Ilaski Serrano aurkezle duela, 'Sanferminak 2018' saioa izango da ikusgai ETB1eko gauetan: larunbatean, astelehenean eta asteartean. Saioak eguneko unerik onenak bilduko ditu, eta emanaldi berezia eskainiko du ondoren.

'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek eta ETB2ko 'En Jake', 'Que Me Estás Contando' eta 'Está Pasando' saioek ere gertutik jarraituko dute egunero jaietan albiste dena.

'Sanferminak 2018' saio bereziak

San Fermin egunean, ETB1en, 22:00etatik aurrera, 'Sanferminak 2018' programa izango da, Ilaski Serranoren eskutik. San Fermin jaietan buru-belarri sartuko da. Batetik, Lesakan San Fermin eguna nola ospatu duten erakutsiko du, eta egun horretan dantzatzen duten Zubigaineko dantzaren irudiak eta erreportajea ekarriko ditu. Bestetik, San Fermin egunean Iruñean bildutako irudiak ekarriko ditu, eta, besteak beste, Puro Relajo mariatxi talde nafarrak euren herrian, Oibarren, emandako kontzertua eskainiko du, San Fermin eguna behar bezala ospatzeko.

Astelehenean, Ilaski Serranok Iruñeko sanferminetako giroa ekarriko du ETB1era. Asteko lehen egunean, San Fermin jaietako ikur diren buruhandi eta erraldoien konpartsarekin egindako kalejiraren erreportajea erakutsiko du. Goizero irteten da iruindarrek hainbeste maite duten konpartsa hori hiriko kaleetatik, eta saioaren lantaldeak bertatik bertara jarraituko du egun horretan.

Horren ostean, Gozategi taldeak bere 25. urteurrena ospatzeko emandako kontzertua ekarriko digu gogora Ilaskik, Iruñeko Gazteluko plazatik .

Asteartean, berriz, sanferminetako entzierroen inguruko erreportajea eskainiko du. Entzierroetan eta zezen kontuetan aditua den Mikel Armendariz iruindarrarekin elkartuko da, eta entzierroetan irteteko eta parte hartzeko baldintzak azken urteotan nola zorroztu diren aztertuko dituzte elkarrekin. Ondoren, Iruñeko Baluarte jauregian ospatzen duten Euskal Kantuen bazkariko kantaldia ikusi ahal izango dugu. Angel Mariezkurrena eratsundarrak antolatzen duen herri bazkaria da, eta betiko euskal kantuak kantatzen ikusiko ditugu sanferminetako giro bikainarekin.

San Fermin pilota txapelketak

ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute gaur, Labrit pilotalekuan, 11:00etatik aurrera Jokin Altunak eta Oinatz Bengoetxeak jokatuko duten Lau T'erdiko San Fermin Torneoko finala. Berebat, binakako txapelketa eta erremonteko torneoa ere ETBn eta eitb.eus-en ikusi ahal izango ditugu. Binakako finala hilaren 14an jokatuko da, Labriten, eta erremontekoa, hilaren 12an, Uharten. Halaber, aurten lehen aldiz antolatu den emakumezkoen txapelketako finala ere izango da ikusgai hilaren 15ean.

Entzierroa, EiTBko irratietan zuzenean

Aurten ere, EiTBko irratiek jarraipen handia egingo diete jaiei Iruñetik bertatik. Uztailaren 6an, esaterako, Gazteako 'Dida Fresh' irratsaioa Gazteluko plazatik egin zuten, txupinazoaren aurreko minutuak zuzen-zuzenean emateko. Uztailaren 7an, Radio Vitoria eta Radio Euskadiko 'Por la Sombra' saioa Gazteluko plazatik eskainiko dute, 09:00etatik 13:00etara. Uztailaren 8an, halaber, Euskadi Irratiaren 'Amarauna' saioaren zati garrantzitsu bat bertatik egingo dute.

Txupinazoa zuzenean eman zuten lau irratietan. Euskadi Irratian, Iñaki Elorza Txapas-en eta Mikel Yarzaren eskutik, eta Gazteak ere bat egingo zuen. Radio Euskadin eta Radio Vitorian, Satur Leoz eta Mikel Donazar arduratuko ziren.

Egunero, goizean goiz, Euskadi Irratiak La Pamplonesaren dianak emango ditu zuzenean, eta, ondoren, entzierroak, Iñaki Elorzaren kontakizunarekin. 'Blai' saioan jaiaren azken ordukoa kontatuko du Elorzak.

Radio Euskadin eta Radio Vitorian, orobat, entzierroen kontakizuna eskainiko dute egunero.

'Boulevard Magazine' saioan, Radio Euskadin, egunero leiho zabal bat irekiko diote jaiari, Iruñeko lankideekin bat eginez, eta 'Graffiti' saioan Nafarroako hiriburuarekin bat egingo dute egunero.

Albistegietan ere, jaiaren jarraipena egingo dute, arreta berezia jarriz 78ko gertakariei eta haien urteurrenari, eta 'La Manada' taldearen kontrako auziak festaren eta eraso sexisten aurkako borrokan izan duen eragina aztertuko dute, horretarako propio moldatutako erreportajeen bidez.

Atari berezia eitb.eus-en

eitb.eus atariaren bitartez, egunero, sanferminetako EiTBren irrati eta telebista emanaldiak zuzenean jarraitu ahal izango ditugu, baita gerora ere. Txupinazoaren eta 'Gaixoa Ni' ekitaldiaren emanaldi bereziek tartea izango dute webean, eta gauero su artifizialak ikusi ahal izango dira ETBren seinalearen streaming-ari esker.

Iruñeko jaietako albiste, argazki eta bideo guztiak eskuragai izango ditugu bertan, noiznahi eta nonahi kontsultatzeko prest. Jaien egitaraua oso-osorik izango da eskura, baita egunez eguneko formatuan ere.