telebista
Kirola zuzenean
Arrauna, pilota eta txirrindularitza, gaur, zuzenean, ETB1en
EiTB
Coruñako Bandera, Binakako San Fermin Torneoa eta Frantziako Tourreko 2. etapa eskainiko dituzte ETB1ek eta eitb.eus-ek.
-
Fernando Gaviria txirrindularia. Argazkia: EFE
Zuzeneko hiru kirol emanaldi izango ditugu gaur ETB1en eta eitb.eus-en.
Eguna itsasoan hasiko dugu. Coruñako Banderaren 2. jardunaldia jokatuko dute Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruek 11:45ean hasita. Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Sara Gandara izango dira esatariak.
Bazkalostean, 14:15ean hasiko da Frantziako Tourreko emanaldia. Lasterketa ETB4en eta eitb.eus-en emitituko da 'Gaur Egun' albistegiak irauten duen bitartean, hori amaitu bezain laster Tourra ETB1en eta eitb.eus-en ikusteko aukera izango da. Beti bezala, Mouilleron-Saint-Germain eta La Roche-sur-Yon artean jokatuko den 2. etaparen nondik norakoak ekarriko dizkigute Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak.
Txirrindularitza emankizuna amaitutakoan, 17:40ean, Iruñearekin bat egingo dugu pilota partiduak jarraitzeko. Hiru partida hauek jokatuko dira Labriten: Mendizabal III-Ruiz bikotea Etxeberria-Merino IIren aurka neurtuko dira alde batetik. Bestetik, Urrutikoetxea-Larunbe arituko dira Ezkurdia-Zabaleta (San Fermin Torneoa) bikotearen aurka. Arratsaldea amaitzeko, Elordi-Lasa IV eta Peña II-Iturriaga arituko dira nor baino nor gehiago. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Xabier Anduezak egingo dute kontakizuna.
Bestalde, 11:00etan herri kirolen tartea zabalduko dute uztailaren 1ean Mungian jokatu zen harri-zulatzaileen Euskal Herriko Txapelketa eskaintzeko. Xabier Anduezak izango dugu berriemaile.