telebista
Donostiako Aste Nagusia 2018
Donostiako Aste Nagusiak tarte zabala izango du EiTBn
EITB
Artillero eta Abordatzearen zuzeneko emanaldiak, Donostiako Su Artifizialak eskainiko dituen eguneroko saio berezia eta Txistulari Kontzertu Nagusia izango dira ikusgai, besteak beste.
Donostiako Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo du EiTBk abuztuaren 11tik 18ra bitartean.
Urtero legez, ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute jaien hasierako 'Artillero' ekitaldia. Bestalde, Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok 'Donostiako Aste Nagusia 2018' saio berezia aurkeztuko dute gauero ETB1en. Saioak su festa eskainiko du zuzenean, eta jaietako protagonista ezberdinak izango ditu gonbidatu.
Aurten, gainera, Donostiako piraten abordatzearen zuzeneko emanaldia izango da ikusgai, astelehenean, abuztuaren 13an. Halaber, Konstituzio plazan egingo den 41. Txistulari Kontzertu Nagusia eskainiko da, larunbatean, abuztuaren 18an.
Emanaldi guztiak eitb.eus-en ere izango dira ikusgai eta Donostiako jaien eduki guztiak bilduko dituen atari berezia eskainiko du webguneak.
Horrez gain, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik zuzenean bat egingo dute jaien hasierako kanoikadarekin, eta gertutik jarraituko dituzte Aste Nagusiaren nondik norakoak albistegi eta programa ezberdinetan.
'Artillero 2018'
Larunbatean, 18:15etatik aurrera, ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute Donostiako Aste Nagusiaren hasierako ekitaldia Aunitz Alberdi eta Juan Terolen kontakizunarekin. Maite Eskarmendik eta Luisma Laboak, gainera, Alderdi Ederren bizi den giroaren berri emango dute, eta ekitaldiaren protagonistak eta bertara hurbilduko diren herritarrak elkarrizketatuko dituzte.
Saioan izango dituzten gonbidatuen artean, Eneko Goia Donostiako alkatea ikusiko dugu eta gainera, aurten 'Artillero' abestuko duten Sonakay taldeko kideak; Amaia Montero abeslari donostiarra; Maria Luisa Merlo, Jesús Cisneros eta Gorka Otxoa aktoreak; Luis Mokoroa Artillero Nagusia eta bere alaba, Onintza Mokoroa; Pirata bihurriak kofradiako Karmen Altuna eta Jaranero kofradiako Txomin Campo, biak Donostiako piratak taldeko kideak; Marian Lázaro Su artifizialen kartelaren aurtengo diseinatzaile irabazlea; Iñigo García Garvi Erraldoi eta Buruhandien konparsako arduraduna; eta Bittor Andonegi Aspangi Elkarteko presidentea izango dituzte.
Gauero, su artifizialak
Larunbatean hasi eta hurrengo larunbatera bitartean, gauero, 22:00etan, 'Donostiako Aste Nagusia 2018' saio berezia gidatuko dute Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok Kontxako Pasealekutik zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en. Su Artifizialen 55. Nazioarteko lehiaketa zuzenean eskainiko dute, eta horrekin batera, Aste Nagusian protagonista diren gonbidatuak elkarrizketatuko dituzte.
Horrez gain, Iñigo Agirre eta Jaione Carpintero kazetariek Kontxako hondartzan eta Donostiako portuan dagoen giroaren berri emango dute zuzenean, eta eguneko ekitaldi eta jarduera ezberdinen inguruko erreportajeak ekarriko dituzte.
'Abordatzera 2018'
Astelehenean, abuztuaren 13an, Donostiako piraten abordatzearen zuzeneko emanaldia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, 16:15etatik aurrera. Xabier Sukiak eta Sara Ferminek egingo dute emanaldiaren kontakizuna eta Luisma Laboa eta Maite Eskarmendi kazetariak portuan izango dira, bertan bizi den giroa bildu eta protagonistak elkarrizketatzeko.
41. Txistulari Kontzertua
Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean, abuztuaren 11n Donostiako Konstituzio plazan ikusgai izango den 41. Txistulari Kontzertu Nagusia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek hurrengo larunbatean, abuztuaren 18an. Donostiarren bihotza hunkituko duten hiriko kantuez gain, dantza ere presente izango da, eta aurten, Oñatiko dantzak izango dira protagonista.
Kontzertuak izango dituen gonbidatu berezien artean, Kupela taldea, Anje Duhalde abeslaria eta Xabier Olazabal eta Aitor Urkiza txistulariak dira aipagarrienak. Gainera, oholtza gainean ikusiko ditugu, besteak beste, Onatz dantza taldea, Haizea Muñoz eta Eneko San Sebastian abeslariak, Villabonako Oinkari dantza taldea eta Lander Diaz de Gereñu txistu bakarlaria.
Radio Euskadi eta Euskadi Irratia
Donostiako Aste Nagusiak irauten duen bitartean, egunero tartetxo bat egingo diote Radio Euskadin eta Euskadi Irratian Donostiako jai-giroari saio ezberdinetan. Asier Odriozola kazetariak zuzenean emango du festaren berri Euskadi Irratiko 'Blai' saioan eta Radio Euskadiko 'Entre Calles' eta 'Graffitti' saioetan.
Larunbatean, abuztuaren 11n, jaien hasierako 'Artillero' ekitaldia eskainiko dute zuzenean. Euskadi Irratiaren kasuan Asier Odriozolak egingo du kontakizuna, eta Radio Euskadiren kasuan Laida Basurtok.