Itxi

telebista

FesTValeko sariak

Mikel Ayestaran kazetaria eta 'Go!azen 4.0.' saritu dituzte FesTVal jaialdian

EITB

Mikel Ayestaranek EiTB Saria golardoa jaso du, eta 'Go!azen 4.0' telesailak, berriz, FesTVal jaialdiaren sari berezia.

0:13

Irailaren 8an FesTVal jaialdiak amaiera gala ospatu du. Bertan, Mikel Ayestaran korrespontsalak EiTB Saria jaso du, bere ibilbide profesionala goraipatzeko golardoa, hain zuzen ere. Gainera, FesTValek aurtengo sari berezia 'Go!azen 4.0' ETB1eko telesailari eman dio.

Euren ibilbidean Euskal Irrati Telebistarekin harremana eduki duten edo duten profesional bat saritzen du urtero EiTBk FesTVal jaialdian. Aurten, Ekialde Hurbiletik berriemaile aritzen den Mikel Ayestaran kazetariaren lana nabarmendu dute EiTB Sariarekin.

Kazetari beasaindarrak 12 urte daramatza Ekialde Hurbileko albisteak kontatzen EiTB Taldearentzat eta beste hainbat hedabiderentzat. Nazioarteko gatazka askoren kontakizuna egin du urteotan guztiotan eta hainbat liburu ere idatzi ditu. Azkena, aurten: Oriente Medio, Oriente roto (Erdialdeko Ekialdea, Ekialde hautsia). Gaur egun Jerusalemen bizi da familiarekin.

Bere kontakizunetan zorroztasunez eta egiarekiko errespetuz aritzen delako, eta euskaldunon askorentzat erreferente bihurtuko delako nabarmendu nahi izan du Euskal Irrati Telebistak Mikel Ayestaranen lana.

Aurreko urteetan EiTBk saritu dituen profesionalen artean daude Karlos Arguiñano, Anne Igartiburu, Pello Sarasola, Karra Elejalde eta Maribi Bilbao.

Bestalde, FesTValeko sari berezia 'Go!azen 4.0' telesailak jaso du, arrakastaren bidea urratzen jarraitzen duen ETB1eko telesaila.

Basakabi udalekuan jazotako kontuak, maitasuna eta musika izango ditu ardatz udazkenean estreinatuko den laugarren denboraldiak. Bestalde, telesailaren eduki osagarriz  eta ekintza paraleloez gozatzeko aukera izango dugu iaz bezala Go!azen App-aren bitartez. Transmedia proiektu zabalago baten barruan kokatzen den zerbitzu honek telesailaren unibertsoa zabaltzea eta indartzea du helburu.