Itxi

telebista

Eduki eta ekitaldi bereziak

EiTBk Mikel Laboa omenduko du

EITB

Euskal Irrati Telebista taldeko hedabideek musikari handia omentzeko, programazio eta eduki bereziak eskainiko dituzte, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean.

  • Mikel Laboa

    Mikel Laboa

2008ko abenduaren 1eko goizaldean hil zen Mikel Laboa euskal kantari eta musikari ospetsua. Haren heriotzak samin eta zirrara handia eragin zuen kultur munduan, eta, oro har, gizartean. Ordutik hamar urte igaro direnean, EiTB taldeak musikaria eta haren ibilbidea omenduko ditu, programazio eduki bereziak eskainiz irrati, telebista zein eitb.eus webgunean.

Horien artean, Gu, Laboa dokumentala da nabarmen, Mikel Laboraren ondarea zertan den erakutsi nahi duen ikus-entzunezkoa. Telebistako emanaldiaren aurretik (abenduak 5, 22:30ean ETB1en) EiTBk dokumentala aurkeztuko du Donostian eta Durangon.

Donostian, Victoria Eugenia antzokian, dokumentalaren aurrestreinaldia egingo da datorren asteartean, abenduaren 4ean, 20:00etan. Ekitaldian, dokumentalean parte hartu duten protagonistak eta Mikel Laboaren gertuko lagun eta senideak bilduko dira. Gainera, Victoria Eugenia antzokiaren aurrealdean argi eta soinu ikuskizuna proiektatuko dute 18:00etatik aurrera. Egun berean, aurrestreinaldirako gonbidapenak lortzeko aukera izango da Victoria Eugeniako sarreran. Hurrengo egunean, abenduaren 5ean, Durangoko Azokako Irudienean izango da ikusgai dokumentala, 19:00etan. Bertarako sarrera librea izango da.

Bestalde, EiTB Taldeko irratietan eta eitb.eus-en Mikel Laboaren diskografia editatu osoaren bildumaren zozketa egingo dute, Elkar argitaletxearen eskutik. Zozketan parte hartzeko epea abenduak 5era arte egongo da zabalik.

Gu, Laboa dokumentala

Mikel Laboa hil zenetik 10 urte bete direnean, gaur egun musikari handiaren unibertsoa bizirik jarraitzen duela erakutsiko du Gu, Laboa dokumentalak. Horretarako, aski ezaguna den Mikel Laboaren erretrospektibatik urrundu, eta gaur gure herrian, gure kulturan eta gure egunerokotasunean zein bizirik dagoen ikusiko dugu.

Mikelek erakutsitakoari jarraituz, dokumentalak komunikazio mota anitz eta aberatsa erabiliko du, euskal artearen diziplina ezberdinak uztartuz. Hau baita, beti aurrerantz begira zegoen artista, bizirik dagoela erakusteko modurik ederrena.

Guzti hau aurrera eramateko, gure herriko kulturaren ordezkari gorenak eta promesa gazteak bilduko ditu ikus-entzunezkoak. Gonbidatu guzti hauen hitzak eta edukiak gai-blokeetan antolatu dituzte eta ikuskizun desberdinekin partekatu.

Lan honetan, bere adiskide eta bide lagun izan diren Bernardo Atxaga, Anjel Valdés eta Iñaki Salvador entzungo ditugu. Baita Jon Maia, Maite Aroitajauregi (Mursego), Arkaitz Martinez de San Vicente (Oreka TX) edo Gorka Urbizuren hausnarketak ere. Hitz hauekin batera, Kukai dantza taldea, Jose Luis Zumeta, Aire Ahizpak, Bihotx txalapartariak, Ainara Ortega aktorea, Alaia Martin eta Maddalen Arzallus bertsolariak eta Maria Berasarte eta Olatz Salvador abeslariak ikusiko ditugu, beste askoren artean.

Dokumentalak, beraz, ez du proposamen historikoa-biografikoa egingo. Proposamen artistikoa da eta etorkizunera begira jarriko ditu ikus-entzuleak. ETB1ek asteazkenean, abenduak 5ean, eskainiko du Baleuko etxeak egindako dokumentala, 22:30etik aurrera. eitb.eus-en ere izango da ikusgai, streaming bidez.