Itxi

telebista

20:00etan

Gaurko 'Historias a Bocados' Zeanurin izango da

EiTB

Joseba Arguiñano Zeanuriko auzokiderekin izango da euren istorio eta bertako ohitura gastronomikoak ezagutzeko.

  • Joseba Arguiñano, Zeanuriko Anita eta Juantxorekin

    Joseba Arguiñano, Zeanuriko Anita eta Juantxorekin. Argazkia: EiTB

Joseba Arguiñano sukaldaria Zeanurin izango da larunbatean, abenduaren 29an, auzokideen istorio gastronomikoak ezagutzeko.

Bibiñe Pujana 67 urteko auzokidea, euskarako irakasle jubilatua da. Oso gustuko du bere oiloen artean egotea, oiloei hitz egin eta hauek zaintzea. Oilategian Joseba eta bera arrautzak batzen arituko dira, Bibiñeren eguneroko ohitura burutzen, alegia. Bibiñeri beti gustatu omen zaio istorioak kontatzea, eta bizkaitarrez, bere arbasoek kontatzen zioten eran, istorio bat ekarriko du gogora. Gero, txorizoz eta urdaiaz lagundutako taloak jango dituzte ilinti kafeaz egunotarako espresuki apainduta dagoen baserriko tokietako batean.

Astondoa anai-arrebekin egingo du topo Josebak ondoren, Anita eta Juantxorekin, baserrian artaburuak aletzen daudela. Jubilatuta daude biak, bata andereñoaren laguntzaile gisara aritutakoa da ikastolan, eta bestea, ardiak zaintzen aritutakoa. Intxaur-saltsa prestatuko dute elkarrekin eta Anitak, barraskiloak egingo ditu.

Gorbeiara igotzea urte bukaerako ohitura da Zeanurin, beraz, 34 urteko Aitor Arbulu eta 50eko Gorka Pereda Josebarekin bilduko dira urteroko ohitura jarraitzeko asmoz. Mendiarekiko pasio itzela dago herrian, baina ez soilik urtero mendia igotzeko tradizioagatik, baizik eta irailean 'Gorbeia Suzien' elkarteak antolatzen duen mendi lasterketagatik. Istorio honek eta gehiagok lagunduko dute Aitor eta Gorkarekin egindako ibilaldia. Hamaiketakoa ere jango dute Gorbeiara igoera indarrez hasteko, arrautza frijituak, odoloste eta hirugiharrarekin.

Zeanuriko 'Historias a Bocados' gaur izango da ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.