Itxi

telebista

Danborrada 2019

Donostiako eta Azpeitiko danborradak, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB

Gainera, igandean haur danborrada eta bandera jaitsiera izango dira zuzenean ikusgai.

  • 2018ko Donostiako Danborrada. (Argazkia: EiTB)

    2018ko Donostiako Danborradaren argazkia. (Argazkia: EiTB)

Larunbat honetan, urtarrilak 19, ETB1ek eta eitb.eus-ek San Sebastian eguneko jai handiari hasiera emango dioten bandera igoera eta danborrada eskainiko dituzte. 'Danborrada Gaua 2019' saioa Donostiako Konstituzio plazatik zuzenean eskainiko dute 22:30etik aurrera, eta ondoren, Azpeitiko danborrada izango da ikusgai 00:45etik aurrera.

Imanol Artola arituko da esatari eta gidari lanetan, eta gertatzen den guztiaren nondik norakoen berri emango du. Halaber, Maite Eskarmendi kazetaria plazan izango da eta bertatik bertara biziko du bertan lehertzen den emozio guztia, danborrada hasteko irrikan dagoen jendea elkarrizketatuz.

Bandera igoerari gauerdian ekingo zaio eta ohi denez, Gaztelubideko kideak egongo dira oholtza gainean, beste konpainietako 112 ordezkari eta musikarirekin batera. Donostiako Martxa, Diana, Oilar zalditeria (Caballeria de Gallos), Polka, Erretreta, Atso zalditeria (Caballería de Viejas) eta Iryarena piezak izango dira entzungai. Kresala taldeko dantzariek ekitaldian parte hartuko dute aurten ere.

Aurretik, Iñigo Otaegi kazetariak erreportaje bereziak eskainiko ditu, San Sebastian eguna eta danborradarekin lotuta. Gainera, Donostiako elkarteetan sartuta ibiliko da larunbat gauean, eta elkarteek gau horretarako prestatzen duten menu bereziak zeintzuk diren erakutsiko dizkigu. Euskal Billera elkartean afaria nola prestatzen ari diren ikusiko du, eta nola ez, Gaztelubidera ere sartuko da, bertan afal orduan nolako menu eta giroa duten erakusteko.

Aurten, gainera, Gaztelubide elkartean urtero banatzen dituzten urrezko upelak ETBko 'A Bocados' saioko aurkezleentzat izango dira, Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarterentzat, eta beraiekin ere egongo da Iñigo Otaegi.

Azpeitiko Danborrada

Azpeitiak ere ospatzen ditu San Sebastian jaiak, eta bezperan helduen danborrada abiatu ohi dute. Ostiral gauean, ETB1ek zuzeneko konexioak egingo ditu Izaro Iraetarekin eta Miguel Zendoiarekin, unean-uneko kontakizuna jasotzeko. Donostiako danborrada bukatutakoan, ETB1ek oso-osorik emango du Azpeitiko ospakizuna, 00:45etik aurrera.

Arauntza Elkartearen 50 urteurrena ospatzeko, Udaletxeko balkoitik omenaldi berezia egingo dute. Halaber, Lagun Onak futbol taldeak 75 urte betetzen dituenez, San Sebastian eguneko haur danborradan hauei eskainitako karroza bat aterako dute. Talde honen inguruan hitz egiteko, Izaro Iraetak eta Miguel Zendoiak Aitor Zulaika futbolaria elkarrizketatuko dute, gaur egun Realeko bigarren entrenatzailea. Aitorrek bere hastapenak Azpeitiko futbol taldean eman zituen.

Haur danborrada

Igandean, Donostiako haur danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izango dira protagonista nagusi ETB1eko goizeko programazioan. Emanaldia 11:50ean hasiko da eta Imanol Artolak egingo du kontakizuna. Beste behin ere, Danbor Nagusiak, Jeneralak, laguntzaileek, Easo Ederrak, damek, pertsonaiek eta palafrezainek hiriko kaleak zeharkatuko dituzte. Marta Elvira kazetaria kalean egongo da haur eta gaztetxoekin hizketan eta ibilbidearen nondik norakoak zuzen-zuzenean azaltzen.

Bandera Jaitsiera

San Sebastian egunaren bukaera ere zuzenean ikusi ahal izango da igande honetan ETB1en. Gaueko 23:15ean hasiko da zuzeneko saioa Donostiako Konstituzio plazatik, eta Imanol Artolak gidatuko du saioa. Banderaren jaitsiera zuzenean ikusiko dugu, eta horrekin batera, azken danbor doinuak eta piezak zuzenean eskainiko dira plazako oholtza gainetik.

Maite Eskarmendi ere bertan egongo da, zuzenean, plazako giroa bertatik bertara bizitzen, eta gainera, plazako liburutegi zaharrera igo eta bertan egun handiari agurra ematera hurbildutako protagonistekin egongo da.

eitb.eus-en streaming bidez

eitb.eus-ek danborradaren ekitaldi ezberdinen jarraipen berezia egingo du. San Sebastian jaien inguruko emanaldi guztiak zuzenean, streaming bidez, eskaintzeaz gain, danborradaren inguruko informazio guztia ikusgai izango da webguneak ekitaldiaren inguruan prestatu duen atari berezian.