telebista
22:15ean
'Narcos y guerra sucia' erreportajea, gaur gauean, '360º' saioan
EITB
Narkotrafikoaren negozioan poliziak izandako inplikazioa aztertuko du igandeko saioak.
-
Igande honetako '360º' saioak 'Narcos y guerra sucia' erreportajea eskainiko du.
'360º' saioak Narcos y guerra sucia erreportajea eskainiko du gaur. 80ko hamarkadan narkotrafikoaren negozioan polizia eta segurtasun indarrek izan zuten inplikazioa aztertuko dute. Garai hartan, heroina sartu zen Euskal Herrian, eta belaunaldi oso batekin amaitu zuen.
Krisi ekonomiko larrian murgilduta zegoen 80ko hamarkadako gizartea. Langabezi tasak oso altuak ziren eta gazteen artean errebolta eta altxamendu garrantzitsuak eman ziren. Testuinguru hartan, indarra hartzen ari ziren mugimendu sozialen kontra egiteko, Estatuko polizia eta segurtasun indarrek drogaren negozioa sustatu zutela defendatzen dute askok. Izan ere, poliziak onura ekonomikoa atera zuen drogaren negozioaren hedapenetik.
Polizia-etxeetan kontrabandoko kargamenduetako droga kopuru handiak desagertu ziren, eta Galiziako eta Turkiako trafikanteek Guardia Zibila euren operazioetan inplikatzen zutela aitortu izan dute. Pista ezberdinek Intxaurrondoko kuartelera eramango gaituzte, Galindo koronela bera ere jakinaren gainean zegoela iradokiz. Gerra zikina gizartearen alor ezberdinetara zabaldu zela dirudi.
Guardia Zibilaren 513 komandantzian egindako barne ikerketak jaso ziren Navajas txostenean, baina Estatuko fiskaltzak isildu egin zuen. Zein puntutaraino egon ziren Estatuko polizia eta segurtasun indarrak narkotrafikoaren negozioan sartuta? Estatu mailako kontua izan zen? Igandeko saioak, txostenak eta Fiskaltza Orokorraren dokumentuak arakatuko ditu. Halaber, hiltzaileen, trafikanteen, abokatuen, lekukoen eta ikertzaileen testigantzak jasoko ditu galdera hauei erantzuna emateko.
'360º' saioak Narcos y guerra sucia erreportajea eskainiko du gaur, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.