telebista
20:00etan
Zaratamoko kontuak, gaurko 'Historias a Bocados' saioan
EITB
Bertako Aste Santua, emigrazioa eta txakoligintzaren berri izango dugu bertako bizilagunen istorio pertsonalen bidez.
-
Joseba Arguiñano, Zaratamon
Zaratamora joango da gaurkoan Joseba Arguiñano aurkezlea, bertako historia eta bizilagunen berri izatera 'Historias a Bocados' saioan.
Hasteko, Alfredo Olivarekin egingo du hitzordua. Duela 50 urtetik hona Aste Santuko ekitaldietan hartzen du parte Olivak. Pertsonaia asko hezurmamitu ditu, Jesukristo eta Juda tartean, eta aurten, Anasena egingo du.
Tina Artok, berriz, emigrazioarekin zerikusia duen bere historiaren berri emango dio Arguiñanori. Bederatzi urte zituela Palentziako geltokian tren batean sartu zuen amak eta bakar bakarrik bidaiatu zuen Bilboraino. Bilbon ahizpa zaharretako bat zuen zain. Tinak ez du ahaztuko bere bizitza aldatu zuen ibilbide hura, ezta Euskal Herrian egin zituen lehen urteak ere.
Roberto Ibarretxek Txakoli Uriondo kudeatzen du bere anaiarekin. Upategi txiki horrek ekoizten duenaren erdia Estatu Batuetara esportatzen dute. New York Times-en sukaldaritza aldizkariaren azalean eman zuten txakolinaren berri eta horrek ospea eman die. Upategia familia-baserriaren ukuilu zaharrean dago kokatuta. Elkarrizketa honetan, Isabel Viñas Robertoren bikotekideak ere hartuko du parte, bete-betean murgilduta baitago Isabel txakolinaren ekoizpenean.
'Historias a Bocados' 20:00etan dago ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.