telebista
M26
Hauteskunde gauari arreta berezia, gaur, EiTBn
EiTB
Errealizazio-ahalegin handia egingo du ETBk, eta, lehen aldiz, errealitate areagotua erabiliko dute platoan.
Maiatzaren 26ko hauteskundeak zuzen-zuzenean eta bertatik bertara jarraitzeko aukera eskainiko du EiTBk Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta eitb.eus-en bidez. Europako bozei, udal eta foru hauteskundeei, eta Nafarroako Parlamenturakoei erreparatuko die EiTBk 19:20an hasiko diren saio berezietan.
Halaber, 20:00etan, Gizaker etxeak egindako EiTB M26 Inkestaren emaitzak ezagutzera emango dira telebistan, irratietan eta sarean. Hauteslekuetan egindako galdeketaren ordez, asteburuan telefono bidez egin zaizkie inkesta hauek 2.400 laguni.
Errealitate areagotua, ETBn
Errealizazio aldetik ahalegin handia egingo du ETBk hauteskunde gaueko saio berezian. Lehen aldiz, errealitate areagotua erabiliko da datuak ematen direnean, eta, esate baterako, hautagaiak fisikoki platoan bertan daudela emango du.
Orobat, ETB2n Africak Baetak, Xabier García Ramsdenek eta Juan Carlos Etxeberriak gidatuko dute albistegi berezia 19:15ean hasita. Hauteskunde emaitzekin batera, eguneko informazio orokorra eta kirol jardunaldiko azken ordukoa eskainiko dituzte.
Bi mahai izango dira. Horietako batean, Naiara Pinedo, Garbiñe Biurrun, Maite Ubiria, Eduardo Portero eta María Silvestre solaskideak egongo dira. Bestean, berriz, Jokin Bildarratz (EAJ/PNV), Jon Iñarritu (EH Bildu), Joserra Becerra (Elkarrekin Podemos), Natalia Rojo (PSE-EE) eta Diego Pagadigorria (PP) ordezkari politikoak.
Bestalde, ETB1en Xabier Usabiagak eta Amaia Cayerok gidatuko dute datu esanguratsuz eta hausnarketaz osaturiko programa berezia, 19:35etik aurrera. Horiekin batera, Asier Blas, Estitxu Garai, Iñaki Galdos, Eider Alkorta eta Felix Arrieta adituak egongo dira.
Bi saioetan, zuzeneko konexioak tartekatuko dira, albisteen berri sortzen diren tokietatik bertatik emateko: hauteslekuetatik, eta alderdien egoitzetan EAEn, Nafarroan, Madrilen eta Bartzelonan.
Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitoria
Euskadi Irratian hauteskunde gaua Oihane Yustosek eta Iñaki Guridik gidatuko dute, eta 19:30etan hasiko da saio berezia. Radio Euskadin, Dani Alvarezek eta Sonia Hernandok aurkeztuko dute albistegia 19:50etik aurrera, eta, Radio Vitorian, Ismael Díaz de Mendibil izango da hauteskunde-irratsaio bereziaren arduraduna 20:00etatik aurrera.
Denetan ere, 20:00etan, inkesten eta lehen emaitzen berri izan ahala, horietaz aritzeko hainbat iritzi-emaile izango dira mahaiaren bueltan, eta alderdietako egoitzetan lantalde zabal bat, batzuen eta besteen erreakzioak biltzeko. Jarraipen berezia egingo zaie, orobat, Nafarroako hauteskundeei.
Hauteskunde gaua eitb.eus-en
Europako eta udal eta foru hauteskundeen ertz guztiak izango ditu eskura eitb.eus-eko erabiltzaileak maiatzaren 26an. Izan ere, hitzordurako propio eratutako lantalde batek gauaren albiste, argazki eta bideo guztiak bilduko ditu, herri guztietako emaitzak zuzenean eskaintzeaz gain.
Hauteslekuak ireki eta berehala, 09:00etan hasita, hauteskunde egunaren nondik norakoak jasoko ditu albisteen atariak. Dena dela, gau partean, lantaldea indartuko du eitb.eus-ek, hitzorduaren jarraipen estua egin ahal izateko, webgunean bertan zein Twitter eta Facebook sare sozialetan.
Lehen emaitza ofizialak iritsi ahala jakinaraziko ditu eitb.eus-ek. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako udalerri guztietako boto-kontaketa zertan den jakin ahalko du, horrenbestez, erabiltzaileak. Udalerrien bilatzaile baten bitartez, denbora errealean egongo dira kontsultagarri herriz herriko emaitzak.
Orobat, gauaren gorabehera guztien minutuz minutuko kontaketa egingo du eitb.eus-ek 19:00etatik hasita behin betiko emaitzak izan arte.