Itxi

telebista

Final Handia

Ianire, Ibai, Iker, Jontxu, Krasi eta Luisito, konkistatzaile izateko hautagai

EiTB

'El Conquistador del Pacífico'ko finalistek proba oso gogorra izango dute aurrean gaurko finalean. Kayak, jumar, igeri eta korrika, denetik du azken jokoak.

  • 'El Conquistador del Pacífico'ko finala. Julian Iantzi eta sei finalistak.

    Julian Iantzi eta sei finalistak

"El Conquistador del Pacífico" finalera iritsi da. Astelehenean jakingo dugu nor den konkistatzaile berria, edizio honetako garailea, eta enbera borrokalari titulua jasoko duena. Emakumezko bat eta bost gizonezko (Ianire, Ibai, Iker, Jontxu, Krasi eta Luisito) dira hautagaiak, baina, zoriontasun gorena eskuratzeko, proba oso gogorra, hainbat diziplina dituena, gainditu beharko dute.

Hain zuzen ere, ETB2ko saioko edizio guztietan egindako probarik zorrotzenetakoa izango da astelehenekoa. Hasteko, binaka kayakean arraun egin beharko dute 50 metro altu den horma batera iritsi arte. Han, jumarra izango dute zain. Soketan gora igo ondoren, beste kayak bat hartu (oraingoan banaka) eta arraunean joan beharko dute beste egitura bateraino. Puntu horretan, igerian hasteko ordua izango da. Bigarren egitura batera iritsi, eta urpera sartu beharko dute orduan, altxorraren kutxa aurkitzeko asmoz.

Finalera iritsi diren sei lagunak gustura eta prest daude. Baina zuhur jokatzen ari dira, azken proba honetan edozer gauza gerta daitekeelako.

Finalisten ibilbidea

Ianire: Finalera iristea lortu duen emakume bakarra da. Eiderren ondorengoa izateko aukera du, eta hori ere historikoa litzateke "El Conquistador" saioan, orain arte emakumeek ez dutelako bi urtetan segidan irabazi. Hernaniko gaztea ongi aritu da probetan, baina elkarbizitzan ere bikain egin ditu lanak, emakumezkoen paktuaren ondoren, finalera sartzea lortu baitu. Sokekin ongi aritzen da, baina igerian moldatzen da ondoen.

Jontxu: Azpeitiarra ez da ezkutatzekoa, agerian ibiltzen da, eta azken saioetan hainbat duelu gainditu behar izan ditu. Malko errazekoa bada ere, zezen bat bezain gogorra da, eta soketan oso ondo moldatzen da.

Iker: Mungiakoa izar bilakatu zen Eneko eta Seletaren aurkako duelura joateko bere burua aurkeztu zuenean. Kapitain handia kanporatzea lortu zuen, eta Berriatukoaren harrotasuna ukituta utzi zuen. Kideen esanetan, estratega handia da, kartak ezkutuan eramaten dituen horietakoa.

Ibai: Zallakoak lortu du bere lehen helburua; Iker eta Krasi lagunekin batera finalera iristea. Ausart aritu da lehiaketako une batzuetan, eta horrek sustoren bat edo beste ekarri dio, baina izan dituen korapilo gehienetatik ongi irten da. Maiderri egindako traizioa da salbuespena. Gainerakoek hobe dute kontuz ibiltzea, beti izaten baitu ideiaren bat ezkutuan.

Krasi: Bulgariako mutilak lekutxo bat egin zuen ikusle guztien bihotzetan aurreko edizioan. Oraingoan, irabaztea zuen helburu, eta bere estrategiak 180 graduko buelta eman du. Duelurik egin gabe iritsi da finalera, eta horrek ere badu meritua, nahiz eta kritika ugari egin dizkioten. Uretan ez da oso fin ibili aurten, baina iaz erakutsi zuen borrokalari latza dela eta sufritzen badakiela.

Luisito: Inork gutxik pentsatzen zuen hasieran Luisito finalera iritsiko zenik, baina Miranda de Ebroko mutilak oso gogorra dela erakutsi du. Ez omen da inongo kiroletan espezialista, baina, hala ere, edozein proba gainditu dezakeela erakutsi du. Gainera, berdin dio norekin lehiatu, eta psikologikoki edozer jasateko gai da. Hala ere, horren gaitasun handiena estrategia da. Horretan ez du aurkaririk.

Osagai hauekin, final ikusgarria izango da astelehenean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en ikusiko duguna. Onenak irabaz dezala!

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista
  • ETB1