telebista
Audientzia
Azken bost urteetako finalik ikusiena izan zen asteleheneko 'El Conquistador'ena
EITB
Iker Babiok irabazi zuen final handia ordutegi nagusian audientzia-buru izan zen %26,0ko kuotarekin, eta eguneko saiorik ikusiena, Euskadin.
-
Iker Babio 'El Conquistador' saioaren irabazlea eta Julian Iantzi finalean. Argazkia: EiTB
Azken bost urteetako finalik ikusiena izan zen astelehen gaueako 'El Conquistador del Pacífico'. % 26,0ko kuota eta 397.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zituen Euskadin eta eragin eremuan, eta asteleheneko saiorik ikusiena izan zen Euskadin.
Julian Iantzik aurkeztu zuen EiTBren Miramongo estudioetatik zuzenean eskainitako saioa. Aurtengo lehiakide guztiek, kapitainek eta finalistek platotik jarraitu zuten finala, probaren nondik norakoak komentatuz. Aurretik inoiz ikusi ez bezala abiatu zen finala: paraxutean salto eginda. 3.000 metroko erorketa askearen ondoren, proba gogorrari ekin zieten sei finalistek: 3,5 kilometroko kayak bikoitza, 60 metroko yumar bertikala, 1.500 metroko korrika lasterketa, 2 kilometroko banakako kayaka, 500 metro igerian eta 5 metroko sakoneran urperaldia.
Paraxutean erortzerakoan Iker Babio azken postuan iritsi zen, baina probak aurrera egin ahala gainontzeko finalistak gailentzea lortu zuen. Atzetik aurrerako bidea egin ondoren, ikurrina eskuratu zuen eta horrekin batera, 20.000 euroko saria, ere bai.
Ediziorik ikusiena, 2014. urtetik
'El Conquistador del Pacífico'k datu historikoak lortu ditu hamabosgarren edizio honetan. Bataz beste, % 22,5ko kuota eta 317.000 ikus-entzuleko audientzia metatua bereganatu ditu, eta azken bost urteetako ediziorik ikusiena izan da.
Denboraldiko saiorik ikusiena martxoaren 25ekoa izan da, % 28,6ko audientzia zatiarekin. 2012ko eta 2009ko finalek gainditu dute soilik datu hori.
'El Conquis' eitb.eus-en eta sare sozialetan
'El Conquistador del Pacífico'ko finalaren Internet bidezko emanaldiak harrera ezin hobea izan dute, baita saioaren webgune bereziko edukiek ere. Twitterren #conquisfinal etiketa joera izan da, lehen postua lortu du Espainian eta hogeigarrena mundu mailan. Halaber, bederatzi milioi inprimatze baino gehiago bereganatu ditu sare sozialaren timeline-etan.
Horrez gain, hamabosgarren edizio honetan, 873.000 erabiltzaile bakarrek jarraitu dituzte saioaren emanaldiak eta saioaren inguruko edukiak eitb.eus-en, 7.412.500 orrialde ikusi baino gehiago sortuz.
Publikoaren faboritoa
Asteazken honetan, Patxi Alonsok aurkeztutako publikoaren faboritoaren gala izango da ikusgai. Orain arte, publikoaren babesik handiena jaso duten lehiakideak Iñaki, Lekue, Luna, Asier, Luisito eta Leti San izan dira. Boto gehien lortzen dituenak 3.000 euroko saria eta Viajes Azul Marino agentziaren eskutik bidaia bat irabaziko ditu.
Hurrengo ediziorako castingak, martxan
'El Conquistador del Fin del Mundo' ren 16. edizioa prestatzen ari dira dagoeneko, eta urtero bezala, castingetan aurrez aurre eta online bidez parte hartzeko aukera egongo da.
Aurrez aurrekoak uztailaren 1etik 5era egingo dira, 10:00-20:00 bitartean:
Uztailak 1, astelehena, Gasteizen: NH Canciller Ayala Vitoria Hotela (Santiago Ramon y Cajal kalea, 5), 10:00etatik 20:00etara.
Uztailak 2, asteartea, Iruñean: NH Pamplona Iruña Park Hotela (Arcadio Maria Larraona kalea, 1), 10:00etatik 20:00etara.
Uztailak 3, asteazkena, Donostian: Silken Amara Plaza San Sebastián Hotela (Pio XII.aren Plaza, 7), 10:00etatik 20:00etara.
Uztailak 4 eta 5, osteguna eta ostirala, Bilbon: EiTBren egoitza (Basurtuko Kaputxinoen bidea, 2), 10:00etatik 20:00etara.
Online castinga egiteko, uztailera arte egongo da 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren webgunearen bidez bideoa bidaltzeko aukera.